Bermeo - Sail komertziala, arrantza sektorea eta itsas-aisia uztartzen ditu Bermeoko portuak. Eta itsas ekimen guztietako beharrizanak asetze aldera, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailak zenbait hobekuntza-proiektu ditu eskutartean, batzuk martxan jarriak eta beste batzuk egitear. Hala, arlo kometzialeko Xixili eta Erroxape moilak konpontzeko lanak bisitatu zituen atzokoan Arantxa Tapia sailburuak. Lanok “2019ko azken hiruhilekoan bukatuko direla” baieztatu zuen Tapiak, eta data jarri zion datozen urteetan egingo den arrain lonjaren handitzeari. “Lanak urte amaiera baino lehen hastea” aurreikusten dutela zehaztu zuen, eta ”aurreikusitako egikaritze epealdia sei hilabetekoa” izanda, “2020ko udarako amaituta egongo litzateke”. Orotara, azken legegintzaldian 12,3 milio euro inbertitu” direla gogoratu zuen sabilburuak.

Arrain lonjaren handitzeak izotz-fabrika lekualdatzeko aukera eskainiko du. “Egungo lonjaren funtzionamendu arazo larrienak konpontze” da xede, “egungo instalazioen ahalmena handituz”, azaldu zuenez. Une honetan, “lonjak 2.413,65 metro koadroko azalera du eta etorkizunean, eraikinari “modulu bat gehituko zaio, azalera osoa 3.284,24 metro koadroraino handituz”. Eusko Jaurlaritzak aurreikusten duenez, izotz fabrikaren instalazioa milio bat eurotan (BEZ aparte) lizitatuko du 2020ko lehen seihilekoan, lonjaren obra zibila amaitu ondoren lanak hasi ahal izateko”.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzak Bermeoko babes dikean ere egingo ditu lanak. 2016ko denboraleek kaltetuta, “barruko mantuaren indartze lanak” egingo dituzte Helburua, 2020ko lehen seihilekoan jarduketaren bigarren fasea lizitatzea da, 1.540.941,49 eurorengatik (BEZ aparte), eta sei hilabeteko iraupenarekin”. Azkenik, itsas-aisialdiari dagokionez, “aisiarako on-tziak amarratzeko leku kopurua handitzea” proposatzen dute, “antalanak instalatuz Artza inguruan”. Proiektu horretan lanean ari dira, “2020ko udarako gauzatzeko xedez”.