GERNIKA-LUMO. Urremendi Landa Garapeneko Elkarteko eta tokiko erakunde publikoetako ordezkariekin batu zen atzo Oroz, “iazkoan eskainitako lagun-tzen jarraipena” egite aldera. Eusko Jaurlaritzatik zehaztu zutenez, “Urremendik hainbat jarduera garatzen ditu dauden baliabideak” optimizatzeko. “Hala, dauden planak, zuzkidurak, baliabideak eta proiektuak jakinarazten laguntzen du, informazio trukea ahalbidetzeko. Interes berezia jartzen dute instantzia administratibo guztiek, administrazio lokalenek eta Europar Batasunekoek ere, bultzatutako landa eta itsasertzeko guneen garapenerako programen gestioan”.

Bruselak eskaintzen duen Leader programari dagokionez, bost proiektu publiko -Kortezubin, Ereñon, Nabarnizen, Mendatan eta Arratzun- garatu ziren, eta beste bi pribatuak izan ziren, Errigoitiko Oraska Baserriko Ogia eta Morgako Egurrolea ekimenei. “Horiei emandako dirulaguntza 214.600 eurokoa izan zen guztira, 390.000 euro inguruko inbertsioak eraginda”. Erein programan, bestetik, bi eskari aurkeztu ziren, Mundaka eta ,Muruetarako. Kosta inguruneko Itsaspen ekimenean, bi proiektu onartu ziren, “76.340 euroko dirulaguntza eman zaie”. Zehazki, Bermeoko eta Elantxobeko Udalek egindako ekimenak diruz lagundu ziren, lehen kasuan Nardiz tar Jon kaleko orubeak lehengoratzeagatik eta bigarrenean, berriz, Urdaibai Itxasoari Begira izenburupeko egitasmoagatik. Azkenik, eta izaera sozialeko proiektuei dagokienez, “bi proiektu lagundu dira diruz, 10.700 euro baino gehiagorekin. Inbertsioak, berriz, 18.000 euro ingurukoak izan dira”. Bada, Eako Udalaren Enaden Begiak ekimenak eta Busturialdeko bosgarren enpresa ideien lehiaketa izan ziren onuradunak.

Oroz eskualdean zela, diruz lagundutako proiektuetako batzuk bisitatu zituzten. Mestizaa argazkilaritzaren kasua izan zen, Nabarnizeko Maider Sierra sustatzaile delarik; Done Jakue bideko erromesen zerbitzurako Pozueta aterpetexea (Muxika); biomasaren ekoizpenean diharduen Egurrolea (Morga) eta Arratzuko elkartegia, non coworking delakoaren “irizpideei jarraituta, beren kabuz ari diren profesionalek, ekintzaileek, mikropymeek eta startupek lanerako leku bat partekatu” ahal duten.