Durangaldeko XVI. Laboral Kutxa DEIA Hemendik Sariak hainbat pertsona, elkarte eta erakunderen lana aitortu eta omenduko dute aurten ere, eta sarituen artean eskualdeko bi ikastetxe daude. Durangoko Ibaizabal Ikastola, hezkuntzan ez ezik, balio sozial eta kulturalen transmisioan ere erreferente delako, eta Amorebieta-Etxanoko Larrea Eskola, ikastetxearen 50 urteko ibilbidean egindako lanaren aitorpen gisa.
Datorren ostegunean, azaroak 15, Plateruenan egingo den sari banaketan ez dira faltako bi ikastetxeetako ordezkariak eta, etxetik hasita, Durangaldeko Ibaizabal Ikastolaren ibilbidea 1999-2000 ikasturtean idazten hasi zen; Durangoko Kurutziaga Ikastola, Elorrioko Txintxirri, Amorebieta-Etxanoko Andramari, Lekeitioko Azkue eta Ondarroako Zubi Zahar bazkide zituelarik eta bazkide-izaera ez badu ere, Galdakaoko Eguzkibegi Ikastola ere atxikita dago.
Ibaizabal Ikastolaren irismena ez da hezkuntzara mugatzen, eta bestelako zerbitzuak eta negozio-alorrak ere barnebiltzen ditu. “Hezkuntza da gure zutaberik garrantzitsuena eta zentzu horretan Batxilergoa eta lanbide-heziketa ez ezik, hezkuntza ez arautua ere badugu, hau da ikastaroak eta formazioak, baina hezkuntzatik haratago kooperatibaren barruan beste hainbat esparrutan ere gaude; ostalaritzako ildoan kafetegia, ostatu-aterpea eta aterpetxe-soziala azpimarratu behar dira eta azkenik, kirolarekin lotura daukana KirolErrota Gimnasioa”, azaldu du Iker Gomez de Segura ikastolako zuzendariak.
Elkarrekin, geroa heziz lemapean, Ibaizabal Ikastolaren helburua ikaslearen giza garapen integrala lortzea da, guraso eta irakasleekin lankidetza estuan eta Euskal Herriko kulturaren barnean. “Sari hau berrespen moduan hartu dugu. Bide egokitik goazela eta egiten dugunaren eta lortu nahi dugunaren aitortza bat moduan; erakunde sozial bat izan nahi dugu, Euskara eta euskal kulturaren gune bat, etengabeko lankidetzan eskualdearekin, hori da gure helburua”, laburbidu du Gomez de Segurak.
50 URTE HEZTEN
Amorebieta-Etxanoko Larrea Eskola, herrian dagoen ikastetxe publiko bakarra da eta aspalditik, hezkuntza mailan ibilbide luzea eta oparoa duen zentroa da. Duela 50 urte ireki zituen ateak eta urteurren berezi horretan, XVI Laboral Kutxa DEIA Hemendik Sariak ibilbide luze hori balioan jartzeko balioko du. “Ikastetxearentzat ohore handia da sari hau jasotzea. Beti esan dugu Larrea Eskolak herri mailan duen pisua oso handia dela eta nahiz eta beste lau eskola izan, guk ikasle guztien %40a hartzen dugu eta horrelako sari bat jasotzeak ahalduntzeko balio digu. Oso pozik eta harro joango gara jasotzera”, adierazi du Yolanda Monasterio Larrea Eskolako zuzendariak.
Urteak aurrera joan ahala, Zornotzako populazioa asko handitu da eta horrek eragin zuzena izan du eskolan, ikasle kopurua nabarmen igoz. “Eskola anitza, publikoa, euskalduna eta berritzailea”, irizpide izanik, “elkartasunaren, besteenganako errespetuaren eta begirunezko jarreren alde lan egiten dugu. Egunero egiten dugun lana ez da lau hormetan geratzen eta azkenengo 50 urteetan herri mailan izan dugun eragina azpimarratzekoa da”, aipatu du. Izan ere, urte hauetan guztietan belaunaldi asko pasatu dira Larrea Ikastetxetik, “denak zenbatzea zaila da, baina ikasle, familia; guraso, aiton-amonak, hezkuntza komunitate guztia…”, gogoratu du ikastetxeko arduradunak.
Eta, joan den irailetik, ikasturte osoan luzatuko den urteurrenaren ospakizunetan murgilduta daude. Besteak beste, 50 urte horien logo aukeraketa prozesu parte hartzaile baten bidez egin dute, abenduan abesti bat aurkeztuko dute, bideo oroigarri baten lanean daude eta herri mailan ikusi ahal izango den erakusketa bat ere. “Ilusio handiarekin gaude ikasturte honetan, Larrea Eskolak hau eta gehiago merezi duelako eta sari hau urteurreneko programa horretan txertatuko dugu”, aurreratu du eskolako zuzendariak.