ZURRITEA hasi zenetik, gizarte osoaren egunerokotasuna oso aldaketa bortitza bizi izan du, arlo pertsonal zein lan munduan. Langileen kasuan, asko izan dira euren karga oso modu nabarmenean handitua ikusi dutenak; garbitzaileak, supermerkatuetako langileak... Baina denen artean osasungintzako langileak izan dira koronabirusaren aurkako borroka honetal lehen lerroan izan direnak. Nahiz eta kasu askotan baliabide eskasak izan, ospitale eta erietxetako erizain eta medikuak gaur eta egun aritu dira gaixotasunaren aurka lanean.

Kasu honetan, Estíbaliz Rodríguez eta Maite Gonzálezek lehen pertsonan ikusi dute Gamiz-Fikan izurriteak izan duen hedapen eta eboluzioa. Lehenengoa erizaina eta bigarrena medikua, etengabeko lanean aritu dira herriko jendeak izan zitzakeen sintomak aztertzen, telefonoz edo modu presentzialean. Euren lan garrantzitsua dela eta Laboral Kutxa DEIA Hemendik Sarien hamahirugarren edizioan sarituak izan ziren. Tamalez, eta nahiz eta kutsu ironikoa izan dezakeen kontuak, Maite ezin izan zen sari-banaketara hurbildu, izan ere, aurreko egunetan koronabirusa izan zuen pertsona batekin kontaktu zuzena izan zuen eta egunean bertan PCR froga egin behar izan zuen. Zorionez eta bere ingurukoen lasaitasunerako, emaitza negatiboa izan zen eta bere lana normaltasunez jorratzen jarraitzeko aukera izan zuen. “Ustekabe handia izan zen guretzako saria jasotzea, izan ere, ez genuen antzeko ezer espero. Ilusio handia egin zigun, egunero ez ditugulako honelako sariak jasotzen, baina oso indargarria da jendeak interesik gabe egin dugun lana horrela eskertzea. Benetan eskertuta gaude eta honek lanean jarraitzeko indarrak eman dizkigu, izan ere, lan handia daukagu aurretik”, adierazi zuen Estíbalizek Torrebillela Kultur Etxean.

Azken hilabeteetako lan karga handiari aurre egin ahal izateko ezinbesteko tresna izan da umorea erizan eta medikuarentzako. “Kontuan izanda oso une gogorrak direla eta jendeak oso albiste negatiboak irakurtzen dituela edo oso egoera zailak bizitzen dagoela, garrantzitsua da txantxaren bat egitea, denontzat osasungarria delako barre egitea”, adierazi zuen Estibalizek. Bere arabera, Maite eta biok elkarrekin osatzen duten taldelana da koronabirusari aurre egiteko gakoa, izan ere, bion artean batak bestea laguntzen du, lana asko erreztuta arlo guztietan.

Euren arabera, gaur egungo egoeraren inguruko ezjakintasun handia daukate, izan ere, koronabirusaren hedapenak gorabehera handiak izaten ditu. Hasiera batean, lan gutxi zeukatenaren sentsatzioa izan zuten, albistegietan ospitaleak jendez gainezka ikusten zituztelako, baina gutxinaka lan karga handitzen joan ziren. Gaur egun, gripearen aurkako txerto kanpaina garatzen ari dira eta lan handia daukate aurretik erizainaren arabera, izan ere, nahiz eta orain atentzio gehiena koronabirusaren ingurukoa den, ezin dira beste gaixotasunak alde batera utzi. Kontuak kontu, argi dago Gamiz-Fikako osasun-zentrora hurbiltzen diren gaixoek oso atentzio ona jasotzeko aukera izango dutela Estibaliz eta Maiteren eskutik eta, kalitatezko zerbitzu bat jasotzeaz gain, umorez jositako kontsulta bat izango dute, bikote honek irribarre kolpera jarraituko dutelako lanean.