OVID-19 birusaren agerraldiak 180 graduko bira bat eman dio Bizkaiako jendearen bizitzari. Gaixotasunak sortutako pandemiak guztiz aldatu du egunerokotasuna ulertzeko modu eta, gainera, oso eragin ezkorrak izan ditu arlo desberdinetan. Galera pertsonalak eta osasun-arazoak pairatu dituzten pertsonak alde batera utzita, ekonomia eta gizarte arloan ere oso ondorio bortitzak izan dira azkenengo hilabeteetan koronabirusa dela eta ez dela. Finantza aspektuan, esate baterako, negozio txikiak izan dira izurritearen kolpea modu gogorrenean jaso dutenak, izan ere, askok denboraldi batean zehar euren ateak itxita mantendu behar izan dituzte edo euren hilabete amaierako etekinak soso modu nabarmenean murriztuak ikusi dituzte.

Aspektu honetan, Saretzen elkarteko, hau da, Lezamako Merkatari eta Ostalarien Elkarteko, kideek oso hilabete gogorrak bizi dituzte covid-19a herrian azaldu zenetik. "Inoiz ez dugu honelako egoerarik bizi, horregatik oso gogorrar izan da udaberria orokorrean. Konfinamenduan zehar, farmazia, okindegia eta Lezamako Nekazaritza kooperatiba besterik ez ziren irekita egon", adierazi zuen Arantza Zaratek, herriko nekazal kooperatibako kideak.

Zorionez, egoera asko baretu da Lezamako establezimenduentzako Zarateren arabera. Arlo desberdinetako produktuak lantzen dituzten saltokiak irekita daude eta normaltasunez lanean ari dira, kontuan izanda hartu beharreko segurtasun-neurri zorrotzak. "Komertzio txikiak eta betiko dendak daukaten aspektu onena iraunkortasuna da. Nahiz eta egoera zailak dauden horren aurrean bizirauteko kapazidadea daukagu. Dena gure herriko biztanleriaren beharrak asetu ahal izateko", aitortu zuen Arantzak. Horregatik, guztiz merezia izan zen Zamudiotorre dorretxean Saretzen elkarteak jaso zuen Laboral Kutxa DEIA Hemendik Saria, herriko biztanleen aldeko lan garrantzitsua garai gogor hauetan egiteagatik.