'Haurren aurrean, helduok heldu' izeneko kanpaina jarriko du martxan datorren astean Barakaldoko Udalak, herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Kanpaina Euskararen Egunera arte egongo da indarrean, hau da, abenduaren 3ra arte.

"Barakaldoko haurrak euskalduntze prozesuan murgilduta daude, eta euskara, oro har, eskoletan erabiltzen dute. Hortaz, uste dugu garrantzitsua dela egoera horretaz baliatzea haurren senideek eta haurrekin denbora luzea igarotzen duten pertsona nagusiek euskara haurrekin daudenean erabiltzera animatzeko", azaldu du Iratxe Focesek, Barakaldoko Udaleko Euskara zinegotziak.

Euskarak presentzia nabarmena du hezkuntza arloan, baina Udalaren helburua da euskara gizarte eta aisialdi arloan ere barneratzea "haurren euskara beren eguneroko bizitzako edozein unetan erabili dezaten, etorkizunean erabiliko dutela bermatzeko", adierazi du Focesek. Horretarako, familientzako doako ekintzak antolatu dira bi astetan zehar. Lehenik eta behin, haurrentzako parkeetan, familiei jolasetan parte hartzera gonbidatuko zaie. "Kasu horretan ez da beharrezkoa izena ematea, nahikoa izango da dinamizatzaileengana hurbiltzearekin".

Jarduera hori azaroaren 23tik abenduaren 2ra arte izango da, 17:30etik 19:30era, eta gozatu ahal izango duzu: eskulturen plazan, Gurutzetako plazan, San Bizente parkean, Desertu plazan eta Lube plazan.

Bestalde, familientzako tailerrak eta galdera/erantzun lehiaketak antolatu dira, Kahoot jolasteko aplikazioaren bidez. "Kasu honetan beharrezkoa da euskara@barakaldo.eus helbidean izena ematea, astea amaitu baino lehen", gogorarazi du zinegotziak. Tailerrak honako egun hauetan izango dira:

Azaroaren 22an panpinak egin ahal izango dira Clara Campoamor zentroan, 17:30etik 18:30era. Azaroaren 25ean auto eoliko bat egiteko tailerra egongo da Gurutzetako kultur etxean, 17:30etik 18:30era. Azken tailerra abenduaren 1ean izango da, Clara Campoamor zentroan, 17:30etik 18:30era. Bertan, 3D betaurrekoak egingo dira.

Tailer guztiak doakoak dira eta 4 urtetik gorako pertsona orori zuzenduta daude. 20 pertsonako taldeak eratuko dira. "Familientzako erakargarria izan daitekeen programa dela uste dugu, euskaraz gozatzeko, eta horregatik sustatu nahi dugu partaidetza", adierazi du Focesek amaitzeko.