Hondakinak behar bezala bereizteak duen garrantzia herritarren artean zabaltzeko informazio kanpaina berri bat jarriko du martxan Barakaldoko Udalak, Hiriko eta Auzoetako Lan eta Zerbitzuen Kudeaketa Arloko zinegotzi Jon Andoni Uriak azaldu duen bezala.

Kanpaina berriarekin, auzoetan dauden bilketa pneumatikoko gune desberdinetatik pasatzen ari dira bi pertsona, eta aho bakoitzean utz daitezkeen produktuei buruzko azalpen-erregeletak banatzen dituzte. Gainera, gune horietatik igarotzen diren pertsonei ahoak nola erabili behar diren azaltzen zaie, eta haiek helaraz ditzaketen zalantzei edo eskaerei erantzuten zaie. "Udalak eta erakundeek erraz birziklatzeko aukera eman nahi dugu. Baina, egia esan, gutako bakoitzaren ardura da birziklapena ahalik eta ondoen egitea. Eta nola egin dezakegu? Hiri gero eta iraunkorragoa lortzeko benetako kontzientzia hartuz, gure etxeetan zaborra behar bezala bereiziz eta edukiontzi egokietan utziz" azaldu du Uriak.

EGUNEAN 13 TONA INGURU BILTZEN DIRA

Gaur egun, Barakaldon 2002an hasi zen zabor-bilketa pneumatikoak 12.000 etxebizitza baino gehiagori ematen die zerbitzua. Egunean 13 tona hondakin biltzen dira. "Guztion erantzukizuna da gure planeta, Barakaldo, etorkizunerako hiri hobea bihurtzea. Hain zuzen ere, horregatik jarri dugu martxan kanpaina hau, edukiontzi bakoitzean sar daitezkeen hondakinak herritarrei modu erraz, atsegin eta positiboan erakusteko. Horrela, akatsak saihestea ez ezik, birziklatzea eraginkorragoa izatea ere nahi dugu" esan du zinegotziak.

Hondakinak ondo bereiztea garrantzitsua den bezala, zabor-ontzi pneumatikoak eta edukiontziak zuzen erabiltzea ere garrantzitsua da. Alde horretatik, ahoen tamainarako poltsa egokiak erabili behar direla azpimarratzen da kanpainak, eta poltsak ez direla edukiontzietatik kanpo utzi behar. "Nolanahi ere, kanpoan uztea saihestu egin behar dugu, gure hiria zikinagoa dela ematen duelako eta ez diolako laguntzen lortu nahi dugun Barakaldo hiri garbi, berde eta jasangarriari, gogorarazi du zinegotziak.

"Udaletxeak kale-garbiketako baliabide bat gehiago erabiltzen du kanpoan uzten diren poltsa horiek biltzeko. Horrek, gure hiriarentzat irudi txarra izateaz gain, baliabide ekonomiko handiagoen gastua ere eskatzen du", gogorarazi du. Zerbitzu horrek 350.000 euro baino gehiagoko kostua dakar Udalarentzat. "Horregatik, erantzukizunezko mezu bat bidali nahi diegu barakaldarrei, edukiontzi bakoitzera botatzen dugun materiala errespetatzeaz gain, poltsa lurrean utzi baino lehen birritan pentsa dezagun eta ahoetan eta edukiontzietan uzteko ahalegina egin dezagun" esan du amaitzeko.