Beurkon kokatutako XVI. mendeko baserri historiko bat berreskuratzea izango da Barakaldoko Udalaren Etxebizitza eta Hirigintzako Plangintza eta Kudeaketa arloaren erronka berria. Barakaldoko zinegotzi Juan Antonio Pizarrok adierazi duenez, adineko pertsonentzako egoitza bat bihurtu nahi dute.

Eragiketa hori garatzeko hirigintzako izapideak azken txanpara iritsiko dira horrela. "Proiektu honek gure historiaren zati bat kontserbatzea ahalbidetuko du, eta, aldi berean, hiriaren hirigintza eraldaketari jarraipena emango dio, degradatutako ingurune bat berreskuratuko da eta. Beraz, helburu bikoitza beteko dugu", azaldu du Pizarrok.

Gaur egun, lursailean industrialde baten zati bat eta beste eraikin zahar bat daude. Lurzatiaren azalera 6.430 metro karratukoa da, eta bi kaleren (Arauti eta Dolores Ibarruriko bidegorria) eta hainbat pabilioiren arteko bidegurutzean dago.

Juan Antonio Pizarrok gogorarazi du jarduketaren sustatzaileek baserria kontserbatzeko betebeharra dutela, egiturazko babesa baitauka Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO): Eraikina, aldiz, desagertzeko arriskuan dago azken urteotan.

"Jabego pribatuko higiezina da, eta urte luzez ez da inolako mantentze-lanik egin bertan. Egoera txarrean dagoenez, arrisku iturri bihurtu da. Hala, hainbat sute eta eraiste partzial pairatu ditu, horietako azkena duela egun gutxi. Udal teknikariek baserria ikuskatu dute, eta arlotik jabeari eskatu diogu beharrezko neurriak hartzeko eraikinaren gainontzeko zatia erortzea ekiditeko egoitzaren proiektua garatu bitartean", argitu du Pizarrok.

Baserriaren zati gehienak neoklasikoak dira, baina errenazimentuko erdi puntuko arkua dauka, hari zabaleko dobelekin. Eraikina XVI. mendekoa da, baina ziurrenik arkua leku horretan lehenago egondako eraikin batena izango da. Ondare baliorik ez duen korta txiki bat dauka erantsita.

ERRENAZIMENTUKO ARKUA

Etxebizitza eta Hirigintzako Plangintza eta Kudeaketa arloak hurrengo osoko bilkurara eramango duen xehetasun azterketak jasotzen duenez, "baserrian egingo diren obren helburua izango da jatorrizko ezaugarriak berreskuratzea. Jatorrizko egitura eta inguruko hormak errespetatu behar dira, bereziki errenazimentuko arkua". Hirigintza espedientean jasotzen da, halaber, nagusientzako egoitzak lau altuerako luzerako bolumetria izango duela, gehi beheko solairua. Inguruko bide publikoen mailak errespetatuko dira.

Laguntza zentroak, halaber, egoitzako erabiltzaileentzako lorategi gune bat izango du kanpoaldean, eta horren eraikuntzaren baitan aparkaleku publikoak egingo dira, baita Arauti kalean espaloi bat ere.

Bestalde, Juan Antonio Pizarrok hurrengo osoko bilkurara eramango du Alazne ikastetxean patio estalia jartzea ahalbidetu duen hirigintza izapidearen behin betiko onespena. Ikastetxea Gurutzetako La Paz gunean dago.

Pizarrok nabarmendu duenez, aterpeak euriaz babestuko ditu ikasleak, eta ikastetxeari askotariko jarduerak egiteko ekipamendu multifuntzional berria emango dio, Barakaldoko beste ikastetxe eta institutu batzuek dutenaren antzekoa.