Barakaldoko Udalaren Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturaleko zinegotzi Alba Delgadok ezagutzera eman ditu dagoeneko 'Barakaldo aldaketa klimatikoaren aurrean' izeneko argazki lehiaketaren lehenengo edizioaren hiru irabazleak.

Lehen saria Aitor Bogak irabazi du `Sin plan B' titulua duen argazkiarekin; argazkiak oinez doan pertsona-talde baten artean elastikoan ingelesez idatzita dagoen mezua duen pertsona bat erakusten du, «Because there is not a planet B» (B planetarik ez dagoelako) dioena. Bigarren saria Rubén Monasterioren "Cocktail de residuos" obrarentzat izan da, eta hirugarrena Mari Carmen Martinezen "Que la lluvia no falte" lanarentzat.

"Eskerrak eman nahi dizkiet barakaldarrei ekimen honetan parte hartzeagatik. Guztira klima-aldaketarekin lotutako 20 argazki aurkeztu dira, asko oso originalak eta kontzientzia soziala sortzen dutenak, lehiaketa honekin lortu nahi genuen bezala" adierazi du Alba Delgadok, eta Aitor Boga, Rubén Monasterio eta Mari Carmen Martínez zoriondu ditu euren sariengatik.

"Barakaldo aldaketa klimatikoaren aurrean" lehiaketara aurkeztu ziren argazkiak Natur Gelan erakutsi ziren irailaren 27tik urriaren 1era bitartean, "Asteklima - Euskadiko Klima eta Energiaren Asteko" jarduera-programaren barruan.

Erakusketa bisitatu dutenek gustukoen izan duten argazkia bozkatzeko aukera izan dute, eta prozesu horren ostean "Sin plan B" argazkiak 68 boto lortu zituen, lehiakideei argi eta garbi irabaziz.

Hiru sarituek Santiago Yaniz argazkilariaren `Parajes inolvidables. Excursiones de foto en el País Vasco y Navarra' liburua jasoko dute sari gisa. Hiru kasuetan liburua egileak berak irabazleei berariaz eskainita dago.