Clara Campoamor Zentro Zibikoko kafetegia gizarte-zerbitzuek familiei arreta emateko bulego bihurtu egingo du Barakaldoko Udalak.

"Familia kalteberenei arreta ematea da gure lehentasuna, eta gizarte-taldeen koordinazioa hobetzeko lanean ari gara, udal zerbitzu horren erabiltzaileei gero eta arreta hobea emateko eta instalazio zabalagoak, modernoagoak eta abegitsuagoak izateko", azaldu du Mikel Antizar Gizarte Ekintzako zinegotziak.

Horrela, Udalak 520.000 euro baino gehiago inbertituko ditu kafetegiaren instalazioak hobetzeko eta egokitzeko, ez baitira sekula kafetegi gisa erabili. "Aurreko legegintzaldian gizarte-zerbitzuen berrantolaketa abiarazi genuen. Lan horren ardatzetako bat zona bereko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak kokaleku komunetan bateratzea izan da ", adierazi du Gizarte Ekintza Arloko zinegotziak.

Zaballa 4 izan zen bateratu zen lehenengo taldea, eta gaur egun 1 taldeak dihardu bateratze prozesuan eta, Gurutzetako Zentro Zibikoan tokituko da. "Oraintxe bertan, talde horretan lan egiten dutenak bi lekutan daude banatuta, eta pandemiaren bilakaerak ahalbidetzen duen neurrian, Gurutzetako Zentro Zibikora igaroko dira. Han, gune berri, iriste-erraz eta eroso bat eraberritzen ari dira, behar duten inguruko familiei arreta emateko", adierazi du Antizarrek.

Erreforma horren ondoren, Clara Campoamor Zentro Zibikoak 2 profesional hartuko ditu, orain arte Zuhatzu eta San Bizente artean banatuta zeudenak. Espazio berri horrek 326.53 metro koadro inguru izango ditu.

KOORDINAZIO HANDIAGOA ETA ARRETA HOBEA-

Amaia del Camporen taldeak oinarrizko gizarte-taldeen bateratzea bultzatu du, gizarte-langileen eta administrazioko langileen kohesioa eta talde-lana sustatzeko; gizarte-arretan lankidetza, talde-azterketa eta estrategia komunen planteamendua ahalbidetzeko, eta taldearen funtzionamendua hobeto antolatzeko.

"Helburu horiek oso eragin positiboa izango dute familien eta zerbitzu horien erabiltzaileen artean; izan ere, gizarte-langileen arteko koordinazioa eta lankidetza hobea izateak beti eskainiko baititu alternatiba hobeak laguntzea behar duten kasuistika bakoitzean", azpimarratu du zinegotziak.

"Covid-19k eragindako egoerak Gizarte Zerbitzuen esku-hartzea zaildu baino ez du egin, are ageriago jarriz Arlotik lantzen jarraitzen dugun eta jarraitu beharreko ildo estrategiko bihurtzen diren erronkak, hala nola, antolaketa-egitura hobetzea, lantaldeen koordinatzaileen figurak kasu; gizarte-langileen eta administrarien lantaldeen lan-irizpideak sistematizatzea eta bateratzea, herritarrentzako arreta hobea izan dadin; edo, besteak beste, gizarte-langileen lan-tresnak hobetzea eta diagnostikatzeko lana hobetzea. Eta hori guztia, komunitate-izaerako arreta-ikuspegiarekin, gizarte-ekimenak eta herritarren parte-hartzea aintzat hartuta", amaitu du Antizarrek.