Joan den larunbatean, ekainak 19, bigarren eskuko bizikleten merkatuaren bigarren edizioa jaso zuen Barakaldoak. Bertan, 158 bizikleta jarri ziren salgai, aurreko edizioan salgai jarritako 131en alde. Emaitzak ikusi eta gero, positibotzat hartu ditu Barakaldoko Garapen Iraunkorra eta Ingurune Naturala arloko zinegotzi Alba Delgadok.

"Auzotarren erantzuna sekulakoa izan da berriro ere, eta horren erakusgarri da merkatua ireki baino ordu erdi lehenago ilara zegoela barrutira sartu ahal izateko", azaldu du zinegotziak. Horren harira, Alba Delgadok azpimarratu du merkatuaren arrakastak "indartu egiten duela Garapen Iraunkorra eta Ingurune Naturala Arloko zinegotzigoak mugikortasun iraunkorraren eta ekonomia zirkularraren alde egiten ari den apustua".

Delgadok azpimarratu duenez, aurkeztutako bizikleten kalitateak gora egin du, eta horrek bizikleten prezioan eragin du. Guztira, 80 bizikleta saldu ziren, erakutsi zirenen erdia baino gehiago, eta 10.587 euroko salmenta-bolumena lortu zuten. Diru hori saltzaileentzat izan zen, haiek ezarritako prezioan.

Bizikleta merkeena 20 euroan saltzen zen, eta garestiena 500 euroan. Merkeenak ziren arren, saldu gabe geratu ziren bizikleta gehienak haurrenak izan ziren. Edonola ere, datorren irailaren 18an bigarren eskuko bizikletak saldu edo erosteko beste aukera bat izango dute interesatuek, Garapen Iraunkorra eta Ingurune Naturala Arloak merkatu berri bat antolatuko baitu.

Aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan horrelako bigarren eskuko merkatuek duten garrantzia azpimarratu du Alba Delgadok lehentasuna dute Barakaldon zuzentzen duen zinegotzigoarentzat.

"Ekonomia zirkularra sustatzeko oso modu baliagarria dira, produktua berrerabiltzen delako eta bigarren bizitza bat eman zaiolako. Horrek onura bikoitza ekartzen dio gure ingurumenari. Alde batetik, hondakin gutxiago sortzen dira, produktu hori ez baita zaborretara joaten. Eta, bestetik, erosketa berriak saihesten dira, eta horrek eragina du fabrikazio-prozesuetan, lehengaiak, energia eta fabrikaziotik eratorritako hondakinak ere aurreztuz, hala nola CO2, berotze globalaren eta klima-aldaketaren eragile nagusietako bat ", argudiatu du zinegotziak.