BARAKALDO. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera sanitarioa dela eta, Barakaldoko Udalak Karmenak bertan behera uztea erabaki du, bigarren urtez jarraian.

"Arduraz jokatzen badugu, ezinezkoa da Karmenak jaietako programazio normalizatu bat egitea; horregatik, astelehenean arratsaldean bertan iragarri dugu 2021ean ere ezin izango dugula gure jairik ospatu", adierazi du , Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloko zinegotzi Nerea Canterok. Udal Jai Batzordean egin da astelehenean arratsaldean iragarkia.

Iaz gertatu zen bezala, Barakaldoko Udalak bertako zaindaria den Karmengo Ama Birjinaren jai-ekitaldiak bertan behera uztea erabaki du, "erantzukizunagatik eta zuhurtziagatik". "Jaiak antolatzeak denbora eskatzen du, eta, horregatik, uztailerako erabaki bat hartu behar izan da. Ez da arduratsua aukeraren bat edo itxaropena adieraztea, gero ezin izango badugu bete", esan du Canterok. Pandemiaren bilakaerak ez du behar besteko bermerik ematen jaietako hamabostaldi horretan ohituta gauden ekitaldiei, jai-pilaketei eta abarrei berriro heltzeko. Arduratsuak izaten jarraitu behar dugu, osasun-jarraibideak errespetatuz eta kaleko pertsona-talde jendetsuak saihestuz", adierazi du.

Bestalde, Udalak kultura seguru baten alde egiten jarraituko du, eta tokiko elkarte eta taldeak bultzatuko ditu kultura-sektoreari laguntzeko, sektore hori baita koronabirusaren osasun-, gizarte- eta ekonomia-krisiaren ondorioak jasatzen ari den sektoreetako bat. Horrela, joan den udan UdanBai! programaren bidez egin ziren antzeko jarduerak eta neurriak bultzatuko ditu Kultura Arloak.