BARAKALDO. Barakaldoko Udaleko Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila arloak udalerriko auzoetan zaintza indartzeko erabakia hartu du. Besteak beste, oinezko patruilak eta ibilgailuetakoak uztartuko dira. 20 lagunek osatuko dituzte patruilak eta, beraz, sei patruila izango dira, bi kidez eta zortzi motor-gidariz osatuak.

Astelehenetik ostiralera jardungo dute goizeko edo arratsaldeko txandetan, eta larunbatetan guardiak egingo dituzte.

"Poliziaren presentzia areagotuko dugu auzoetan. Guk hartutako konpromisoen barruan sartzen da neurria, kalean egongo den hurbileko polizia bat izateko konpromisoaren barruan, alegia, barakaldarrekin harreman zuzena izateko", azaldu du Madrazok.

Gurutzetako agenteak garatzen ari diren patruilajea jarri du Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotziak lan egiteko modu berri horren adibide gisa, gaur goizean. Zehazki, jende gehien biltzen den tokietan ari dira zaintza-lanak egiten udaltzainak, hala nola Bakeako azoka txikian, baina auzoko gainerako aldeak ahaztu gabe. Adibidez, ikastetxeetako sarrera eta irteeren kontrola eta ikastetxeen inguruko prebentzio-presentzia. Gurutzetako Ospitalearen inguruko trafikoa ere kontrolatzen dute; egunero ehunka pertsona eta ibilgailu mugitzen baitira han.

"Auzoko poliziaren" aldeko apustu hori Udaltzaingoaren eguneroko lanarekin osatzen da; izan ere, azken hilabeteetan, delinkuentziaren eta zibismoaren aurkako ohiko lanak egiteaz gain, osasun-agintariek etxebizitza covid-19 ez hedatzeko hartutako neurriak betetzen direla kontrolatu behar izan da.

Horrelako unitateak Gurutzeta eta Retuerto auzoetan zerbitzua emateko sortu baziren ere, udalerriaren egungo hirigintza-garapenak lagundu du Desertu-Urban gisako auzo berriak sortzen, eta beste batzuk zabaltzen, hala nola, Lutxana, Burtzeña, San Bizente, Arteagabeitia edo, laster, Siebe-Dinamita.

"Auzoetako zaintza intentsiboa aldatuz joango da sortzen diren beharren arabera. Barakaldo 100.000 biztanle baino gehiagoko hiria da, eta auzo berean ere biztanle-gune desberdinak ditu. Baita arazo desberdinekin ere. Udaltzaingoak jarduna egokituko du toki jakin batean presentzia areagotzeko beharrezkotzat jotzen denean, Barakaldoko gainerako herritarrak alde batera utzi gabe", adierazi du Ángel Madrazok.

SALAKETAK FORMALIZATZEKO FURGONETA

Auzoetan zaintza hori garatzeko, oso baliagarria izango da Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloak urtarrilean eskuratu zuen furgoneta berria. Furgoneta horri esker, salaketak formalizatu ahal izango dituzte auzotarrek udalerriko edozein tokitan, Lasesarreko polizia-etxera joan beharrik gabe.

Horri dagokionez, zinegotziak gogorarazi du istripuaren larritasunak edo konplexutasunak hala eskatzen duenean, furgoneta trafikoko jarduketetarako erabiliko dela, baina baita komisaria mugikor gisa ere. Beste eratako polizia-kontroletarako ere erabiltzen da.