BARAKALDO. Udalerrian hondakin organikoak sortzen dituzten saltokiei, hala nola frutadendak eta loradendak, bideratutako edukiontzi marroi txikiak jartzeko kanpaina berri bat abiarazi egin du Barakaldoko Udalak. Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala Arloko zinegotzi Alba Delgadok kanpainaren ezaugarri guztiak azaldu egin ditu.

"Informazio-gutun bat eta liburuxka bat bidali berri dizkiegu hiriko loradenda eta fruta-denda guztiei, neurria azaltzeko. Datorren astean, ingurumen-hezitzaile bat joango da establezimenduetara, informazio gehiago emateko eta atxikimendua formalizatzeko. Ekimenarekin bat egiten badute, lokaletako arduradunek 50 litroko ontzi marroi bat, poltsa konpostagarriak, edukiontzia irekitzeko giltza bat eta informazio-txartel bat jasoko dituzte ", azaldu du Delgadok.

Aurreikusita dago 46 fruta-denda eta loradenda izango direla neurri horren onuradun, udal arloak egindako hasierako kalkuluen arabera, eta dagoeneko, 70 edukiontzi marroi txiki ditu prestatuta.

Kanpaina osatzeko, beste elikagai-negozio batzuk bisitatu dira (harategiak, urdaitegiak eta arrandegiak, batez ere). Inkesta bat egingo zaie, zer iritzi duten jakiteko, eta martxoaren 1etik aurrera haragia eta arraina ere bota ditzaketela edukiontzi marroietara gogoraraziko zaie. Bizkaiko Foru Aldundiak duela gutxi iragarritako berritasun bat.

"Ekimen berritzaile honekin, birziklatzearekin eta ingurumena zaintzearekin dugun konpromisoa bikoiztu egitern dugu. Zenbat eta gehiago birziklatu, orduan eta hondakin eta kutsadura gutxiago sortuko dugu, eta klima-aldaketari eraginkortasun handiagoz aurre egiten lagunduko dugu. Hondakin onena sortzen ez dena da ", baloratu du Alba Delgadok, eta espero du hurrengo asteetan nabarmen handitzea edukiontzi marroietan utzitako hondakin organikoen bolumena.

Garapen Iraunkorreko zinegotziak Europar Batasunak hondakin organikoetarako ezartzen dituen gutxieneko birziklatze-kopuruak lortzea jarri du erronkatzat. "2013ko abenduan bosgarren edukiontzia jartzen hasi ginenetik, Udalak urrats garrantzitsuak egin ditu arlo horretan, eta Ezkerraldean aitzindariak izan gara, baina oraindik hobetzeko tarte handia dugu", ohartarazi du.

ZER BOTA EDUKIONTZI MARROIRA?

Martxoaren 1etik aurrera, honako hondakinak bota daitezke edukiontzi marroira:

  • Animalia-jatorriko hondakin kozinatuak edo gordinak (haragi-, hestebete-, arrain- eta itsaski-hondarrak, arrautza-hondarrak eta horien oskolak, hezurrak eta gazta).
  • Landare-jatorriko hondakin kozinatuak edo gordinak (fruta-, barazki-, lekale-, ortuari-, pasta- eta arroz-hondarrak, haziak).
  • Lore- eta landare-hondarrak, baratze-hondarrak, belarra eta inausketa-hondarrak.
  • Kafearen hondarrak eta iragazkiak, infusio-poltsatxoak, ogi-, gaileta- eta opil-hondarrak, fruitu lehorrak eta horien azalak, fruta-hezurrak eta kortxo naturaleko tapoiak.
  • Sukaldeko papera, ezpainzapiak eta paperezko mahai-zapiak, kartoizko arrautza-ontziak eta uhin-kartoi zikina (guztiak materia organikoz bustiak).
  • Burruntzi eta bestelakoetarako zotzak, izozki-makilak eta antzekoak.
  • Txikoria, algak, alpistea, gozokiak eta litxarreriak, zerealak, irina, marmelada.
  • Konpostagarriak diren poltsak, ontziak eta tresnak.