BARAKALDO. Barakaldoko Udaleko Hiriko eta Auzoetako Obra eta Zerbitzuak arloak 200.000 euroko inbertsioa egin du Kastrexana, Burtzeña eta Gurutzetako auzoetako haur parkeetan hobekuntzak egiteko. Hala, hiru auzoetako parkeetan gomazko lurzoru, jolas-elementu eta jolas egokitu berriak jarri dira.

Haur parke ugari dauzka Barakaldok, eta pixkanaka ari dira txikienen segurtasuna hobetzeko eraberritzen, jolas-elementu modernoagoak jarriz eta zabu egokituz hornituz, haur-guneak ume guztientzako jolas-gune bihur daitezen.

Hiriko eta Auzoetako Obra eta Zerbitzuak Arloko zuzendari Jon Andoni Uria gaur goizean izan da Kastrexanako haur parke berria ikusten. Gune horretako lurzoruan goma babeslea jarri dute, narriatuta baitzegoen. Horrez gainera, irudi berria dauka haur-guneak, jolas berriei eta zabu inklusiboari esker. "Parke honetan, baina, kendu egin dugu lorategia, eta haren ordez, parkearen aldamenean dauden pabiloietara errazago iristeko espaloi berria egin dugu", azaldu du Uriak, eta koloreetako jesarleku berriak jarri dituzte. Parke honetan 48.400 euroko inbertsioa egin da.

TIROLINA, GOMAZKO LURRA ETA JESARLEKU BERRIAK

Betelurikoa da irudi berria estreinatu duen beste haur-parkeetako bat. Alde honetan, ostera, 41.192 euro inbertitu dira gomazko lurzorua aldatzeko. Horrez gainera, jolas-gune berri bat ere egin dute, eta bertan, txikienentzako 7 metroko tirolina bat jarri dute. Baita zabu inklusibo bat ere.

Burtzeñan, 21.733 eurokoa izan da hobekuntza lanetan egindako inbertsioa. Hemengo honetan, zoladura osoa berritu dute, aurrekoa oso ahitua zegoen eta; zesta-zabu bat ere jarri dute, eta horrela bete dugu parke barakaldarrak ume guztientzako jolas-gune bihurtzeko hartu genuen konpromisoa", azpimarratu du Uriak.

HURRENGO EGUNOTAN ABIATUKO DITUZTE ZUBITXUETAKO ERREFORMA-LANAK

Proiektu honetan sartzen ziren Retuertoko Zubitxuetako eta Anaien parkeko jolas-guneak. Zubitxuetan gomazko lurra ordezkatuko dute beste berri batekin, erresistentzia handiagokoa; 44.789 eurokoa izango da inbertsioa. Horrez gainera, bi zabu inklusibo eta beste jolas-gune batzuk jarriko dira txikienentzat.

Azkenik, Anaien parkeko irudia ere aldatu dute, lehengoaren ordez gomazko lurzorua eta zabu berriak jarriz.