BARAKALDO. Barakaldoko Udalak 18.143 euroko aurrekontua bideratuko du Ansio eta Lutxana auzoak lotzen dituen tunelean dagoen rokodromoa berritzeko. Gaur, otsailak 15, astelehena, hasi dira lanak. Momentuz ez da ezagutzera eman lanak bukatzeko epea, baina rokodromoa inauguratu baino lehen Bizkaiko Foru Aldundiak tunelaren barruan izandako lur-jausien arazoak konpondu behar izango ditu, kirol-instalazioa berriro erabili baino lehen.

Europako luzeena da estalitako 65 metro linealeko kaleko bulder hau. Ia 2000 eskalada-presa dauzka, jarduera honekin berrituko dituztenak. Lutxanako rokodromoa Talde Alpino Turistak bultzatu zuen. 2016an, 8.321,41 euro inbertitu zituen Amaia del Camporen gobernu-taldeak 30 milimetroko lodierako gomazko zoru bat instala zedin, espazio horretako erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko.

TUNELA SEGURUAGOA IZANGO DA

Azken lau urteetan Ansioko tunelak aldaketa nabarmena izan du. Amaia del Campo alkateak lur azpiko horri argiztapen berria ematea erabaki zuen, eguneko 24 orduetan piztuta egon zedin. Gainera, segurtasun kamerak jarri dituzte tuneletako sarrera-irteeretan, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 88.505 euro inbertitu zituen tunelaren hormigoia saneatzeko eta konpontzeko. Orain, Barakaldo Kirolak-ek kirol gune hori hobetzeko lanak hasi ditu, eta hiru asteko epea izango du lanak burutzeko.

"Obra honekin, mendiko taldeen eskaerei erantzun nahi diegu, eta bide batez, espazio hori dinamizatu, hastapen- eta hobekuntza-eskolen jarduerarekin", adierazi du Iñigo Asensio Barakaldo Kirolakeko presidenteak.