BARAKALDO. Barakaldoko Udaltzaingoak dispositibo berezi bat abiaraziko du asteburu honetan, udalerrian jendetzak ez gertatzeko. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, aurten ez dira inauteriak ospatuko. Hala ere, jendea biltzea ekiditzeko, segurtasuna indartuko da udalerri osoan. Babes Zibileko eta Herritarren Segurtasun Arloko zinegotzi Ángel Madrazok plan berriaren nondik norakoak azaldu ditu.

"Botiloia" egiteko taldeak bildu daitezkeen eremuak kontrolatzeaz gain, arreta jarriko dute pertsona asko bildu ditzaketen beste leku publiko batzuetan, hala nola terrazetan edo ostalaritzako lokalen barrualdeetan.

"Helburua udaltzainen presentziak ostalariei erraztea da ezarritako neurriak bezero guztiek betetzen dituztela ziurtatzea. Kontua ez da ostalaritza-lokaletako arduradunak estutzea, baizik eta poliziaren presentziak bezeroen jokabide desegokiak saihestea eta zuzentzea ", adierazi du Madrazok.

Bide publikoan alkohola kontsumitzeari dagokionez, Ángel Madrazok adierazi duenez, "joan den asteburuan botiloiak ugaritu egin ziren, eta asteburu honetan botiloiak egiten diren lekuak kontrolatzen jarraituko dugu".

Madrazok gogorarazi duenez, 2021. urtearen hasieratik, Udaltzaingoak 100 pertsona baino gehiagori jarri die zigorra, bide publikoan edari alkoholdunak kontsumitzeagatik ("botiloia"); arau-hauste horiek 1.000 eurora arteko isunak ekar ditzakete.

"Jakin behar dugu bilera horiek birusa hedatzeko oso arrisku handia sortzen dutela, eta jarrera arduragabeek esponentzialki ugaritu ditzaketela kutsatze-kopurua eta ospitaleratzeak", adierazi du Herritarren Segurtasuneko zinegotziak.

Ángel Madrazoren ustez, "ulergarria" da herritarrak nekatuta egotea, baina birusaren aurka egiteko bide bakarra erantzukizuna eta arauak zorrotz betetzea da. "Txertaketaren erritmoa eta ehunekoa handituz doaz egunero, eta horrek esan nahi du gero eta hurbilago gaudela egungo egoerarekin amaitzeko", baloratu du.