BARAKALDO. Barakaldoko Udalak familia-elkargunea elkarrekin sustatzeko hitzarmen berri bat sinatu egin du gaur goizean, urtarrilak 14, Eusko Jaurlaritzarekin. Akordio honekin, Barakaldoko Udalak lokala utziko du, Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du eta Egintzako profesionalek zerbitzua eskainiko dute.

Familia-elkarguneak espazio neutralak eta egokiak dira; haietan, diziplina anitzeko talde tekniko baten laguntzaz eta segurtasuneko eta ongizateko berme guztiekin, krisi-egoeran dauden edo, beste gertakari batzuk tarteko, zerbitzua behar duten familiakideen topaketa egiten da. Dena den, zerbitzu hori erabiltzeko ebazpen judizial batek hala ebatzi beharko du.

Elkargune horiek adingabeek erabiltzen dituzte normalean, eta helburua da umeek beren aita eta amekiko harremanei eusteko interes nagusia babestea, segurtasun-berme guztiekin eta erosotasun-baldintza onenetan. Horretarako, adingabeek diziplina anitzeko talde tekniko esperientziadunak dituzte zaintzen eta babesten, une oro.

"Familia elkargune horrek adingabeek beren aitarekin, amarekin edo beste familiarteko batzuekin harremana izateko dauzkaten eskubideak bermatzen ditu. Halaber, guraso horiek eta beste familiarteko batzuek ¿besteak beste aitona-amonek¿ seme-alabekin harremanari eusteko duten eskubidea bermatzen du. Horretarako, batik bat adingabeen segurtasuna eta ongizatea bermatzen dira", esan du Artolazabalek. "Baina familia-elkarguneek, horrez gainera, diziplina anitzeko zerbitzua ere eskaintzen dute, eta zerbitzu horrek bitartekotasuna, orientazioa eta hazteko trebetasunei buruzko aholkuak eskaintzen ditu, eta bisitetan familia-harremanei buruzko informazio sinesgarria eta objektiboa ematen du".

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak nabarmendu duenez, "Barakaldo izaera sozialeko hiria da, eta horren erakusle dira Udaletik abiarazitako neurriak. Familia Elkargune hau aitzindaria da gunean, eta familiei aparteko zerbitzua eskaintzen die mota horretako beste espazio batzuei dagokienez, ez baita adingabeak familiartekoekin batzeko espazio hutsa. Barakaldoko Familia Elkargunea askoz ere gehiago da. Laguntza, arreta psikologikoa eta arreta-zerbitzua eskaintzen ditu, gizarte-zerbitzuekin integratuta eta koordinatuta, eta adingabea gure politiken erdigunean dago".

Barakaldoko Familia Elkargunea 2010an sortu egin zen eta ordutik ez du eten bere zerbitzua. 2014an, Eusko Jaurlaritza eta Udalaren arteko kolaborazioko lehen hitzarmena sinatu egin zen. Hitzarmen berria, urtero berriztatzeko aukera eskaintzen du, 2024 urte arte.

Barakaldoko Familia Elkargunea espazio erosoa da; Askatasun etorbideko 62. zenbakian dago, Barakaldon. Espazioa udalerrian bizi diren familietan esku hartzeko ebazpen judizialei erantzuteko prestatuta dago. Gainera, egoera berezietan, hurbileko udalerrietako familiei ere eman ahalko zaie arreta; gehienez 10 familiari.

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak bederatzi familia-elkargune ireki sustatzen ditu hiru lurraldeetan. Bizkaian, Barakaldokoaz gainera, honako familia-elkargune hauek daude: Bilbo, Portugalete, Durango, Gernika eta Zalla. Gipuzkoan: Donostia eta Tolosa. Araban, arreta Vitoria-Gasteizen zentralizatuta dago. Justizian eskumena duen sailari dagokio familia-elkarguneen funtzionamendua bermatzea.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, 2021ean, 140.000 euro bideratuko ditu, urtero, Barakaldoko ebazpen judizialaren bidezko elkargunearen funtzionamendurako gastuak finantzatzeko.

ZENTRO EROSOA

Barakaldoko Familia Elkargunea herrigunetik gertu dago, eta, haren ezaugarriak aintzat hartuta, leku erosoa, lasaia eta neutrala da.

Lau areto ditu topaketetarako; sukalde bat erabat ekipatuta, elikagaiak berotu eta hozteko aukerarekin; zentroko profesionalentzako bulego bat; harrerarako espazio txiki bat, eta bi komun (komunetako bat mugikortasun urria duten pertsonentzat egokituta dago eta pixoihalak aldatzeko tokia du). Zentrora zuzenean sartzen da kanpoaldetik; beraz, ez du zentrora sartzeko arkitektura-oztoporik, eta, gainera, sartzeko bi ate ditu.

Aretoek topaketak ahalik eta erosoenak izateko behar den guztia daukate: mahaiak, aulkiak, koltxonetak, jolas didaktikoak (0 eta 16 urte bitartekoentzat), jostailuak, liburuak, bideoak, armairuak etab.

Lokalera metroz iritsi daiteke (Bagatzako sarrera bost minutura dago oinez), trenez (geralekua hamar minutura dago oinez), autobusez (geralekua minutu gutxira dago) edo oinez. Hurbil, aparkatzeko aukerak ere badaude.

DATUAK

2020an, 66 familiak jaso zuten arreta, guztira, industria-udalerriko Familia Elkargunean; 2019an baino hiru gehiagok. Guztira, 86 umek eta 135 helduk erabili zuten zerbitzua. Programatutako 1.008 jarduketa egin ziren: % 66 (665) trukeak izan ziren eta % 34 (343), tutoretzapeko bisitak.

2019an, 1.371 jarduketa egin ziren. Gehienak (% 53), trukeak (724); baina tutoretzapeko 647 bisita ere egon ziren (% 47). Barakaldoko Familia Elkarguneak, urte hartan, 63 familiari eman zien arreta. Guztira, 211 pertsona joan ziren instalazioetara: 129 erabiltzaile helduak eta 82 adingabeak; adingabe horietako hiru urtetik beherakoak izan ziren.

Iaz Barakaldoko egoitza erabili izan zuten 66 familia hauetatik, 47k, hau da, % 71,2a, haur baten zaintza zeukaten; besteek, 19 (% 28,8a) bi edo gehiago zituzten.

2014az geroztik, Barakaldoko Familia Elkarguneak 13.958 jarduera bete izan ditu, guztira, 418 familia, 572 adin-txikiko eta 873 heldu artatuz.