BILBO. Barakaldoko Udalak partaidetzako aurrekontuetarako proposamenak aurkezteko epea irekiko du datorren astelehenean, azaroak 23.

Udalak 10 postontzi jarri ditu hiriko 10 auzotan, eta inprimakia postontzietan banatzen ari da hiriko etxe guztietan, herritarrek proiektu honetan parte har dezaten errazteko eta bultzatzeko; oraingoan, berrikuntza batekin dator proiektu hori: 1,6 milioi euro bideratuko dira familiei koronabirusaren krisiak eragindako ondorioak arintzen lagunduko dieten proiektuetarako.

Partaidetzazko Aurrekontuak bi urtean behin egiten dira, eta guztira 2,2 milioi euroko partida dute, honela banatuta: 1,6 milioi euro barakaldarren proiektu berritzaile eta sortzaileetarako, familiei Covid-19ren ondorioak arintzen laguntzeko, eta 600.000 euro, berriz, auzoak hobetzeko. Egungo egoera dela eta, lehentasuna eman zaio koronabirusarekin egindako proposamenak jasotzeari; beraz, herritarrek astelehenetik abenduaren 6ra arte izango dute aukera proposamenak Udalari helarazteko.

Pandemiaren ondorioak jasaten ari direnak izan behar dute herritarren proposamenen helburu nagusia, eta sei jarduera-eremu hauetan jaso behar dira:

  • Enplegua eta aktibazio ekonomikoa
  • Gizarte-eremua
  • Adinekoak
  • Kultura- eta hezkuntza-eremua
  • Mugikortasun iraunkorra
  • Gazteak

"Udaletik 14 milioi inbertitu ditugu okerren dauden familia barakaldarrei eta pandemia ekartzen ari den krisi ekonomikoak gehien kaltetu dituen sektoreei laguntzeko ekimenetan, proiektuetan eta ekintzetan. Laguntza-ildoak jarri ditugu martxan, tasak barkatu ditugu, gizarte-laguntzen gisako partidak handitu ditugu, inbertsio publikoa egin dugu gure kaleetan obrak eginez, kultura-programazioa egin dugu. Proiektu honekin, gure bizilagunei beren proposamenak helarazteko aukera eman nahi diegu, ziur baikaude egungo egoeran herritarrek zeresan handia dutela", adierazi du Amaia del Campo Barakaldoko alkateak. "Orain gure lehentasuna pertsonak dira, eta haien beharrei ahal den neurrian erantzutea", azpimarratu du.

HIRIAN, POSTONTZIAK ETA FORMULARIOA, BERRIZ, ONLINE

Aste honetan, Partaidetzazko Aurrekontuetan parte hartzeko inprimakia jasoko dute euren postontzietan barakaldarrek, baita proposamenak egiteko moduari buruzko azalpen bat ere . Betetako liburuxkak auzoetan banatuta dauden udal-instalazioen kanpoaldean jarri diren 10 postontzietan entregatu ahal izango dira: udaletxeko atean, Clara Campoamor eta Gurutzeta gizarte etxeetan, Retuertoko eta Zuatzuko kultur etxeetan, Burtzeñako ludotekan, Lasesarreko kiroldegian, Errekatxoko HIIZn, Serraltako elkarteen lokaletako inguruetan eta Kastrexanako plazan.

Horrez gain, udal webgunean eta Barakaldoko APPn herritarrek euren proposamenak egin ahal izango dituzte sakelako telefonoaren, ordenagailuaren edo tabletaren bidez. "Herritarren parte-hartzearen aldeko apustua egin dugu beti, eta erraztasun guztiak jartzen ari gara gure bizilagunek formularioa betetzeko eta proposamenak helarazteko une bat aurki dezaten. Egoera aparta bizitzen ari gara, eta pandemiaren ondorioei aurre egiten jarraitzeko parte-hartze aparta behar dugula uste dugu", azpimarratu du alkateak.

PROPOSAMENAK AZTERTZEA

Proposamenak aurkezteko epea amaitutakoan, teknikariek osatutako talde batek aztertuko du zehaztutako proposamenen bideragarritasuna eta kostu ekonomikoa. Ondorne, herritarrek bozkatuko dituzte aldez aurretik ezarritako baldintzak betetzen dituztenak. Hala, proposamenek honako baldintza hauek bete behar dituzte:Arestian aipatutako sei esparruetako batean sailkatzeko moduakoak; interes publiko orokorrekoak; udal-eskumenekoak; covid-19ren osasun-krisiaren ondorio negatiboak arintzeko balio dutenak; teknikoki bideragarriak; ez dute ondorengo ekitaldietako gastu ekonomikoa arriskuan jarri behar; gaur egun Udalak ez du proiektua planifikazio- edo egikaritze-fasean eduki behar; Udalak dagoeneko egiten dituen zerbitzu, obra edo horniduretarako udal partidaren gastua handitzen ez dutenak; diru-sarrera publikoei eragiten ez dietenak; herritarren proposamenaren balorazio ekonomikoak ezarritako gehieneko muga (133.333,33 euro) gainditzen ez dutenak; zehatzak direnak, ondoren balorazio teknikoa eta ekonomikoa egin ahal izateko; eta kanpoan uzten dira erakunde publiko edo pribatuentzako zuzeneko dirulaguntzak edo laguntza ekonomikoak.

Baldintza horiek betetzen dituzten proposamenak bozkatu egingo dituzte herritarrek, eta haiek hautatuko dituzte 1,6 milioi euro inbertitzeko lehentasunezkotzat jotzen dituzten proiektuak.

AUZOETARAKO PROZESUAK

Aurrekontuen lehen zati hau amaitu ondoren, Udalak auzo-proiektuak zehazteko prozesuari ekingo dio berriro. Horretarako, 600.000 euro daude (300.000 euro urte bakoitzeko), eta herritarrek beren auzoetarako beharrezkotzat jotzen dituzten beharrak edo proiektuak islatzeko proposamenak egin ahal izango dituzte. Bigarren prozesu hori 2021ean garatuko da.