Sei hilabete eta gero

Barakaldo Antzokiak bere ateak irekiko ditu berriro

05.09.2020 | 04:00

BARAKALDO. Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko martxoan ezarritako alarma estatuak instalazio publiko guztiak ixtera behartu egin zuen. Denbora pasa ahala, pixkanaka-pixkanaka beren jarduera berraktibatzen joan dira. Orain, sei hilabete eta gero, Barakaldo Antzokiaren txanda izango da.

Eszena-tokietara berriro etorriko da bizia, urte amaiera arte prestutako 20 ikuskizunekin eta aktore ezagunekin, besteak beste, Verónica Forqué, Secun de la Rosa, Carmelo Gómez edo Ane Gabarain. Horrez gainera, erabateko estreinaldia izango da areto barakaldarretan, bai eta Euskadiko 5 estreinaldi ere.

"Ilusioa izatea nahi dugu denboraldiko protagonista nagusia, Barakaldo Antzokiak hogeita hamar urte betetzen dituen honetan. Ilusioa, bai, berriz ere oihala jasotzeagatik, butakak jendez josita ikusteagatik eta eszena-tokira bizia itzultzeagatik, urte amaiera arte prestatutako hogei ikuskizunekin eta jarduerekin", adierazi du Barakaldoko alkate Amaia del Campok.

Alarma egoerak iraun zuen bitartean, 19 ikuskizun atzeratu behar izan zituen Barakaldo Antzokiak. Hiru hilez kudeaketetan aritu ostean, gaur goizean, Del Campo alkateak, Barakaldo Antzokiko Rakel Olalla lehendakariak eta Ana López Asensio zuzendariak aurkeztu duten programazioan, haietatik 11 berreskuratu dira, "eta gainontzekoek jarrita dauzkate datak datorren urterako", aurreratu du López Asensiok. "Alarma egoerarengatik geroratutako ikuskizunetatik bakarra geratu da bertan behera", esan du.

Ikuskizun horietarako sarrera erosita zeukatenek ikuskizunaren data berrirako sarrera trukean eskuratu dezaketela gogorarazi du alkateak, edo bestela, nahi izanez gero, itzultzea izango dute, irailaren 17ra arte. Horrez gainera, Antzokia itxita egon den denbora konpentsatzeko, luzatu egin da Barakaldo Antzokiko Lagunen kuota-aldia. "Horrela, txartelak urte amaiera arte iraungo du. Nobedade modura, bazkide berriei kuota murriztua eskainiko zaie. Inork baliatu nahi balitu Antzokiaren Laguna izatearen abantailak, oraintxe du aukera polita, lauhileko honetan 7,50 euro besterik ez baititu ordainduko, bai eta, gustuko izan badu esperientzia, datorren urtean errepikatzekoa ere. Beraz, gure familiaren senide izateko gomita egiten dizuet", animatu du Del Campok.

Azken orduko sarrera-txartel murriztuen portzentajea % 50era handitu da 13 eta 26 urte bitarteko gazteentzat.