BARAKALDO. Barakaldoko Udalak etxerik gabeko pertsonaren positiboa faltsua zela berretsi egin zuen astelehenean, eta horren ondorioz bertan behera utzi du osasun-neurrien protokoloa.

Beste proba batzuk egin ondoren, igandean, hilaren 23an, antzemandako positiboa Osakidetzak faltsua dela berretsi eta gero hartu da erabakia.

Poza agertu du Juan Antonio Pizarrok, alarma faltsua izan bada ere, une oro jardun delako "bizkor eta eraginkortasunez". Pizarrok aditzera eman duenez, lehenengo frogan erabiltzaile bat birusak kutsatu zuela jakin bezain laster jarri zen harremanetan Arloa Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko eta Diputazioko Gizarte Ekintza departamentuekin, arazoari lehenbailehen erantzuteko.

Zehazki, Derioko ostalaritzako lokal batean ostatu eman zitzaion, eta han geratu zen frogak negatibo eman bitartean; horrez gainera, pertsona horrek aterpetxean eta eguneko zentroan izandako harreman estuak arakatu ziren PCR frogak eginez detektatutako zortzi lagunei. Berehala isolatu zituzten Bilboko Siervas de María egoitzan, eta Arloa zain geratu zen emaitzak eman arte.

Prebentzio neurri modura, aterpetxeko eta eguneko zentroko 37 erabiltzaileei egin zitzaizkien PCR frogak, bai eta instalazio horietako langileei ere. Guztiek eman zuten negatibo.

Aldi berean, Garapen Jasangarria eta Ingurumen Naturala Arloko zinegotzi Alba Delgadorekin jarri zen harremanetan Juan Antonio Pizarro, Barakaldoko etxerik gabekoentzako udal baliabideak ¿ Lasesarreko aterpetxea eta Santa Teresa eguneko zentroa - desinfektatzeari ekiteko. San Bizenteko jantokia ere desinfektatu zuen zerbitzu hori emateko kontratatua izan den enpresak.

ERABATEKO GARDENTASUNA

Alde horretatik, deitoratu egin du Pizarrok Elkarrekin Barakaldo-ko zinegotzi bat behin eta berriz agertzea komunikabideetan, gai hau nahasten, datu eta data okerrak eskainiz.

"Jokaera eskasa da zinegotziak etxerik gabekoen moduko kolektibo zaurgarriak etengabe baliatzea politika egiteko. Zapuztu egiten nau zerbitzari publikoek horrela jokatzeak. Horrelako jokaera indibidualen aldean, ordea, Enplegu, Gizarte-kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloaren kudeaketa zeharo garden eta eraginkorra dago. Horren seinale, atzo bertan zinegotzi horri egin nion deia, positiboa faltsua zela adierazteko. Ezin pentsa nezake inola ere, biharamunean prentsa ohar bat kaleratuko zuela, datu garrantzitsu hori ahaztuz, eta era guztietako faltsukeriak esanez", deitoratu du Juan Antonio Pizarrok.