Gaurkoa oso egun polit eta berezia izango da Zetak musika taldearentzat. Izurria gurera heldu zenetik ezin izan dute jende aurrean kontzerturik eman, baina gaur, 20.00etatik aurrera, Serantes Kultur Aretoko oholtzera igotzean, berriz publikoa ikusi eta sentituko dute. Hantxe, Pello Reparaz eta bere bandak aurkeztuko dute Errepidean, Zetak-en lehen diska. Reparazen ustez “gaurko kontzertua inflexio puntu bat izango da” musika talde honen ibilbide labur eta arrakastatsu honetan.

Gaur Santurtzin eskainiko duzuena jende aurrean izurria ostean emango duzuen lehenengo kontzertua izango da. Suposa tzen dut zuentzat oso berezia izango dela.

—Berezia izango da guztiontzat eta esango nuke kon tzertu hau inflexio puntu bat izango dela. Ederra izango da. Egia da konfinamenduan geundela kontzertu batzuk streaming bidez eskeini genituela, baina hauxe da espero genuena, berriz jendea aurrez aurre ikustea eta sentitzea.

Zalantzaren bat izan zenuten Santurtziko Udalak kontzertu hau eskaintzeko proposamena egin zizuetenean?

—Gure kasuan ez genuen zalantzarik izan. Kontzertuak eman nahi ditugu, ez dugu geldirik egon nahi eta azpimarratu behar da Santurtziko Udalak egin duen ahalegina Santurtziko Nortasun Festa antolatzeko. Proposamena ongi etorria izan zen gure partez eta argi daukagu aukera hauek aprobetxatu behar ditugula.

Egoera normala balitz, Santurtzi jaigiroan murgilduta legoke egun hauetan. Zu, duela hiru urte Vendetta taldearekin egon zinen festetan. Aurten ez dira jairik egongo eta oholtza gainetik ikusiko duzun giroa oso desberdina izango da.

—Desberdina izan behar du, baina espero dugu datorren urtean jai eredu klasikotik gertuago egotea. Nola, momentuz, hori ezinezkoa denez, aprobetxatu behar dugu, disfrutatu behar dugu gaur egun egin dezakeguna. Gaurkoa kontzertu berezia izango da, osasun neurri guztiak beteko dituena eta jendeak, uste dut, talde berri honekin disfrutatzeko aukera izango duela.

Zuek zuen lehen diska abenduan atera zenuten eta handik hiru hilabetera heldu zen konfinamendua. ¿Nola bizi izan zenituzten hiru hilabete horiek?

—Egia esanda, intentsitate handiarekin bizi genuen konfinamendua. Zetak, esan duzunez, oso denbora gutxi zeraman aktibo eta jendeak gure lehen lanari eman dion harrera bikainak indarrak eman digu konfinamenduan gauzak egiten jarraitzeko. Denbora horretan abesti berriak egin ditugu, jendearekin kontaktuan egon gara hartu-emana sortzeko... Bizirik egon gara eta iniziatiba pila bat egin dugu. Alde batetik, oso pozik gaude jendearekin harremana estutu dugulako eta, bestalde, triste itxita genituen ia-ia kon tzertu guztiak bertan behera geratu direlako. Sufritu dugu, bai, baina zoritxarrez egoera honek jende asko egoera larriagoan utzi du..

Konfinamenduan abesti berriak idatzi dituzue eta, horien artean, goraipa dezakegu ‘Zeinen Ederra Izango Den’. Esan dezakegu ereserki bat sortu duzuela...Nola bururatu zitzaizuen kanta hau sortzeko ideia?

—Egia esanda, Zeinen Ederra Izango Den sortzeko ideia dei telefoniko batean bururatu zitzaigun. Iratxe Reparazekin nengoen hizketan eta biok sentitu genuen, une horietan mezu positiboak, baikorrak jasotzea falta zitzaigula. Adostu genuen zerbait egitea, abesti positibo bat sor tzea eta jarraian hasi ginen lanean. Bera, alde batetik, hasi zen letra idazten, ni, beste aldetik, hasi nintzen musika egiten. Berehala sortu genuen abesti eta hasi ginen jendeari bideoak eskatzen bideoklipan sartzeko. Jendeari asko gustatu zaio abestia eta oso, oso pozik gaude.

Espero zenuten jendeak horrelako konexioa izatea abestiarekin?

—Pertsonalki, sentitzen genuen mezu baikorren behar hori, baina ez genuen espero ZeinenEderra Izango Den horrelako harrera izango zuenik. Oso polita da zure lanarekin gozatzea eta are gehiago zure abestiek jendearengan zerbait sor tzen dutenean. Hori guzti hori gertatzen denean, benetan, magikoa da.

Bestalde, konfinamenduan ere sortu duzue ‘Hegan’ abestia. Santurtzin estreinengoz joko duzue banda osoarekin.

—Bai, Gazteak egin zuen ekitaldi batean Hegan akustikoan jo genuen baina gaur izango da banda osoak abestia joko duen lehenengo aldia. Horrek are eta bereziagoa egiten du kontzertua. Oso pozik gaude kanta honekin ahalegin handia egin dugulako aurrera ateratzeko. Berez, bideoklipa konfinamendu garaian grabatu behar zen eta, azkenean, geroago grabatu behar izan dugu gure gizartean gertatu dena gertatutakoa. Momentuz, Heganek izan duen harrera oso ona izan da, harrera ezinhobea izan duela esango nuke.

Amaitzeko, zer esango zenioke jendeari animatzeko eta gaurko kontzertura joateko?

—Esango nieke Zetak talde eta proiektu gazte bat dela eta ilusio asko jarri ditugula egitasmo honetan. Ziur nago gaur, denon artean, SKAn giro ederra sortuko dugula.