BARAKALDO. Uda honetan koronabirusaren kutsaketak ekiditzeko, Angel Madrazo Barakaldoko Udaleko Herritarren Segurtasuneko eta Babes Zibileko zinegotziak erantzukizuna eskatu die herritarrei, hala nola distantzia soziala errespeta dezaten, eta jendetza pilatzen den egoera eta guneetan ezinezkoa bada, maskara erabil dezaten.

Madrazok berak gogorarazi duenez, pandemia dela eta, aurten ez dira ospatuko Karmengo jai tradizional eta jendetsuak, baina jai-giroko kultur ekitaldi txikiak antolatu dituzte. "Bertaratzen direnen erantzukizuna eskatzen dut, metro eta erdiko pertsonen arteko distantzia soziala zorrotz errespetatzeko edo maskara erabiltzeko ezinezkoa denean", azpimarratu du.

Ekitaldi motaren eta ospatzeko baldintzen arabera, Udaltzaingoa, Babes Zibileko kideak edo bi taldeak egongo dira bertan.

Madrazok uste du, egungo egoeran, gomendagarria dela pertsonen kontzentrazio masiboa ekarriko duten ekitaldiak ekiditea, osasun-agintariek emandako prebentzio-neurriak betetzeko zailtasunak dituztelako, bai eta herritarren osasunerako beharrezkoa ez den arriskua ere.

Nolanahi ere, igande honetan Udaltzaingoak eta Babes Zibilak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan dena normaltasunez gertatzen dela kontrolatzeko dispositiboan parte hartuko dute. Ildo horretan, Angel Madrazok botoa ematera osasun agintariek ezarritako higiene arauak betez joateko eskatu die herritarrei. "Beldurrik gabe erabili behar dugu botoa emateko eskubidea, baina zuhurtziaz eta erantzukizunez", azpimarratu du.

UDALERRIKO AISIALDI-GUNEAK ETA BOTELLOIA EGITEN DEN GUNEAK KONTROLATZEA

Bestalde, Herritarren Segurtasuneko eta Babes Zibileko zinegotziak nabarmendu du oso garrantzitsua dela udalerriko inguruneetan distantzia soziala errespetatzeari eta maskara erabiltzeari buruz ezarritakoa betetzea. "Kasu honetan, ostalariei eta bezeroei dei egiten diet udalerriko ostalaritza proposamenaz goza dezaten, baina modu arduratsuan. Gaur egungo egoeraz jabetu behar dugu, pandemia berriro pizteko arriskua dago, eta, zoritxarrez, egun hauetan kutsatze-fokuak agertu dira hainbat eremutan. Horregatik, garrantzitsua da edukiera kontrolatzea eta distantzia soziala errespetatzea ", azpimarratu du.

Angel Madrazok azaldu duenez, Udaltzaingoa bertan egongo da aipatutako neurriak kontrolatzeko, baita udalerrian botelloi ekintzarik ez egiteko ere: "ez-betetzeak gertatzen badira, orain arte bezala jokatuko dugu, eta, beharrezkoa bada, salatu egingo ditugu Barakaldoko bizilagunei arriskuak eta eragozpenak eragiten dizkieten jokabide guztiak".