BARAKALDO. Uztailaren 13tik aurrera eta abuztuaren 20ra arte, astelehenetik ostiralera, Barakaldoko Udalak eratutako Udan Bai! programak 70 kultur ekimen baino gehiago jarriko ditu martxan. Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloak antolatutako ekimen honek herriko auzoak bisitatuko ditu bere programazio zabalarekin. "Barakaldo kulturaz eta aisiaz betetzea nahi dugulako uda honetan", adierazi du Nerea Cantero Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloko zinegotziak.

Asteko egun bakoitzean jarduera ezberdin bat izango da: haurrentzako jarduerak, familian gozatzeko ikuskizunak eta jende guztiarentzako kalejira musikalak. "Programazio hau aurrera eramateko, tokiko kulturaren aldeko apustua egin da gure lurraldeko erakundeak, konpainiak eta enpresak kontratatuz, Covid-19ak eragindako osasun krisiaren ondorio ekonomikoek ere kalte handiak eragin baitizkiete", azpimarratu du Canterok.

FORMATU TXIKIKO IKUSKIZUNAK, AUZOETAN

UdanBai! Gurutzeta, Lutxana, Retuerto, Arteagabeitia, San Bizente, Arrontegi, Beurko-Bagatza eta Desertu Berria auzoetan ibiliko da, "Familiek jarduerez gozatzeko aukera izan dezaten, mugitu beharrik izan gabe". Gainera, edukierek txikiagoak izan behar dutenez, ekimenak bikoiztu egin dira, eta jarduerak bi auzotan edo kokapenetan egin dira aldi berean.

Birusa kontrolpean edukitzeko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei eutsiz antolatu dira ikuskizunak. Horregatik, beharrezkoa izango da jardueretara musukoa jantzita joatea, eskuak gela hidro-alkoholikoarekin garbitzea sarreran eta irteeran, eta edukiera errespetatzea, 1,5 metroko urruntze sozialari eutsi ahal izateko. Horregatik, haurren jardueretan eta arte eszenikoetako ikuskizunetan parte hartzeko gonbidapena jaso behar da.

Horretarako, hurrengo asteko jardueretarako gonbidapenak jasoko dira astero. Gonbidapenak astero jaso ahal izango dira Clara Campoamor edo Gurutzetako zentro zibikoetan, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 13:00etara, plazak bete arte. Astelehenean, hilaren 13an, hasiko da programa, eta aste horretako jardueretan parte hartu ahal izateko, astelehen honetatik aurrera, hilak 6, jaso behar dira gonbidapenak.

Astegun bakoitzean, jarduera desberdinak. Astelehen eta asteazkenetan, 5 eta 10 urte bitarteko umeek haur jarduerak izango dituzte: jolasak, ipuin kontaketak eta tailer tematikoak -Planeta salbatu, Abordatzea, Txiki Rallya, kirol jokoak, eta abar-. "Proposamen didaktikoak eta oso dibertigarriak dira, eta euskaraz egingo dira, hiru txandatan, 11:00etatik 14:00etara, eta bi auzotan egunero, aldi berean.

Astearteetan, familia giroan ere gozatu ahal izango dute eszena-arteen programazioan parte hartuz. Zirkua, magia, antzerkia, pailazoak... proposamen harrigarriak. Bi gune izango dira aldi berean: Barakaldon, La Bai/Zirkodromoa - Beurko gunea (12:30ean) eta Gurutzetan, Finka Munoa (13:00etan).

Eta ostegun arratsaldetan (19:30ean), kalejira egingo dute aukeratutako auzoetako erdiguneetako kaleetan zehar. Rhythm & Blues, Disco 80, ska, dixie, euskal musika, 60,70,80 eta 90eko arrakastak, batucada brasildarra... umore ukituarekin zipriztindurik, jendeguztiarentzat.