BARAKALDO. Hiru hilabete luzez itxita egon eta gero, Barakaldoko Udaleko Babes Zibileko zinegotzi Angel Madrazok aisialdi guneetan dauden barbakoak erabiltzeko debekua kendu egin du. Batez ere Argalario mendian eta Tellaetxe parkean dauden guneei eragingo die neurri honek.

Hala ere, asteburuan toki horietara joango diren herritarrei Madrazok gogorarazi nahi die koronabirusak ez kutsatzeko beharrezko segurtasun neurriak errespetatu behar dituztela: elkarrengandik urruntzea, maskarak erabiltzea, jendetzak saihestea.

"Birusa oraindik ere gure artean dago, eta osasun agintarien gomendioei jarraitu behar diegu, denok egin dugun ahaleginaren ostean berragerpenak saihesteko", ohartarazi du Angel Madrazok.

Udaltzaingoa adi egongo da indarrean dauden arauak betearazteko, osasun-krisialdiaren faserik gogorrena gainditu ondoren. Eta barbakoen eremuetan ez ezik, jendetza egon daitekeen beste leku batzuetan ere egingo du: pasealekuetan, parkeetan, 'botelloia' egiten den lekuetan, terrazetan eta ostalaritza-lokaletan.

Ostalaritzako establezimenduei dagokienez, Bizkaia deseskalatzearen III. fasean sartu zenetik eskumena duen agintaritzak ¿ Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ¿ ezarri du "diskotekek eta gaueko aisialdirako lokalek" gehienez % 60ko edukiera dutela eta mahaiak eta aulkiak jar ditzaketela dantza-pistetan.

Aldiz, Eusko Jaurlaritzak ez du terrazen jarduera arautzen, eta, beraz, indarrean jarraitzen dute soilik udal-ordenantzetan jasotako arauek (ordutegiak, okupazio-azalera), joan den ekainaren 8an hasitako deseskalatzearen III. fasean sartu zenetik gertatu den bezala.

HAUR PARKEAK

Gaur egungo 'normaltasun berriaren' fasean haurrentzako jolas-parkeak irekiko direla ikusita, Herritarren Segurtasun eta Babes Zibilaren arloko arduradunak gogorarazi du kasu honetan gurasoek zaindu behar dutela adingabeek horietaz goza dezaten, esparruaren eremu konputagarriko gehieneko edukierari buruz ezarritakoa betez, 4 metro karratuko pertsona bat.

"Haur parkeen edukierari dagokionez, eta kasu batzuetan parkearen kalkulua egitea zaila izan daitekeela jakinda, zentzuz jokatu beharko da, kutsatzeko arrisku egoerak saihestuz", esan du Angel Madrazok.