BARAKALDO. Koronabirusak eragindako krisialdia dela eta, Barakaldoko Udalak herriko establezimenduak laguntzeko plataforma berri bat abiaraziko du. Plataforma horren bidez, udalerriko merkataritza-establezimenduek euren produktuak eta zerbitzuak online saldu ahal izango dituzte.

"Ekimnen honen bidez, gure saltokiak digitalizazio arloan zuten premiari erantzuna ematen diogu, pairatutako osasun-krisiak agerian utzi duen bezala", adierazi du Amaia de Campo alkateak. "Zoritxarrez, online saltzeko aukerarik izan ez duten negozioek kalte ekonomiko handiagoa jasan dute, eta hau egoera hori sahiesteko modu bat da".

E-commerce plataforma propio bat sortzea Inguralderen eta ACEren arteko lankidetza-proiektu baten emaitza da. Plataforma hori lehendik ere lantzen zen, baina orain behin betiko sustatu da, osasun-krisiaren inpaktuaren aurrean.

Barakaldoko merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-sarearen errealitatearekin eta beharrekin bat datorren plataforma bat lortzeko lan egingo da. Sektorearen erabilgarritasunean erraza eta eskuragarria izango den plataforma, eta bere funtzionamendurako funtsezkoak diren alderdietan oso aurreratua, hala nola; ordainketa-pasabidean edo saldu ondorengo arreta-zerbitzuan, eguneroko kudeaketa erraztuko duten call-center propioarekin.

Bestalde, Ana Morgadok gogorarazi du ekimen honekin tokiko eskaintzaren potentziala erakustea lortzen dela, "Barakaldoko negozio guztiak toki beretik sartzea errazten duen online merkataritza-gune baten bidez".

BARAKALDO SHOP ETA BARAKALDO STORE

E-commerce plataforma berria bi webgune desberdinetan zehazten da. Alde batetik, "Barakaldo Shop-ek" saltoki bakoitzari bere online denda sortzeko eta produktuak edo zerbitzuak zuzenean saltzeko aukera ematen dio. Bestalde, "Barakaldo Store" Marketplace digital bat bezala konfiguratzen da, non tokiko saltoki txiki eta ertain guztiek beren produktuak saldu, eskaintzak egin edo promozioak sor ditzakete.

Proiektua laster hasiko da talde-pilotu baten bidez, eta plataforma probatu, egokitu eta hobetzeko balioko du, tokiko negozioen behar zehatzei erantzunez. Esperientzia ekainean bertan hasiko da, hainbat merkataritza-sektoreren ordezkaritza eta partaidetzarekin.

Ekimena ACE Barakaldo Hiri Merkataritza eta Enpresen Elkarteak bultzatu du, eta aurten bere diru-laguntzaren zati bat proiektu horretara bideratuko du. Gainera, irekita dago udalerriko edozein dendek parte har dezan, ACE Barakaldori lotuta egon edo ez. Ana Morgado ACEko presidenteak adierazi duenez, "Helburua da Barakaldoko negozioek online salmentan bidea erraz eta modu seguruan irekitzea ahalbidetuko duen tresna bat izatea".

Plataforma hau martxan jartzeko, Inguraldek azterketa sakon bat egin du negozio txikien premiei buruz eta banaketa-erraldoien aurrean lehiatzeko aukerei buruz; izan ere, pandemiak iraun duen bitartean, haien posizio finkatua ikusi dute. Ildo horretan, modu zehatz batean lan egin da tokiko negozioak balioetsiko dituen, banaketa-logistika eraginkortasunez kudeatuko duen eta ordainketa-pasabide gisa aukerarik onena bermatuko duen tresna batean. Horrekin batera, sektore osorako irudi koordinatua zabaldu da.