BARAKALDO. 658 barakaldarrek Udaleko Gizarte Kohesio Arloak osasun krisialdia hasi zenetik eskainitako psikologia, hezkuntza eta gizarte arloetako arreta telematikoa jaso izan dute.

"Guztioi, haurrei barne, eragin digun konfinamenduaren eragina apaltzen saiatu gara. Zailtasun ekonomikoak eta egoera bereziak -autismoa, hiperaktibitatea, arreta-defizita...- dituzten familietako adingabeek kezkatzen gaituzte bereziki. Edonola ere, zerbitzu horiek edozein familia barakaldarrek erabil ditzake ", azaldu du Juan Antonio Pizarro zinegotzi ordezkariak.

Haur, Gazteria eta Familiako udal ataleko psikologoen eta gizarte-hezitzaileen taldeak arduratzen ari dira zerbitzu horiek emateaz, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara.

Osasun-krisian artatutako 658 barakaldarretatik 113k (62 heldu eta 51 adingabe) arreta psikosoziala erabili dute, eta 545ek, berriz, gizarte- eta hezkuntza-arreta. Azken kasu horretan, erabiltzaileen erdia baino gehiago -285- adingabeak izan dira eta beste 260, berriz, helduak.

Arreta psikosozialerako telefonoa 944374597 da. Esku-hartzeak espezifikoak eta laburrak dira, egungo egoerari buruzkoak, eta honako gai hauek jorratzen dituzte, besteak beste: antsietatea, hil den pertsona maite bati ezin lagundu izanaren sentsazioa edo Covid-19aren kutsadurarekiko beldurra. Ildo horretan, 455 telefono bidezko elkarrizketak egin dira eta posta elektronikoak bidali zaizkie erabiltzaileei, 455 guztira.

Gizarte-hezkuntzazko arreta 688768032 telefonoaren bidez ematen da. Familia-gatazken edo hezkuntza-esparruko egoera zailetan (baliabide teknikorik eza edo gurasoek seme-alabei jarraipena egiteko dituzten arazoak) laguntza, orientazioa eta informazioa ematea da zerbitzu horren helburua, bai eta denbora antolatzen eta aisialdia positiboki baliatzen laguntzea ere.

AURREZ AURREKO ARRETA, AURRETIK HITZORDUA HARTUTA

"Telefono-zerbitzu horiek mantenduko ditugu, eta, aldi berean, aurrez aurreko arreta ere emango dugu, aurretik hitzordua eta beharrezko osasun-neurriak hartuta, koronabirusak ez kutsatzeko", adierazi du Juan Antonio Pizarrok, eta gogorarazi du Covid-19a "gure artean dela oraindik eta hala jarraituko duela denbora batez".