BARAKALDO. Atzo, hilak 1, astelehena, Barakaldoko Udalaren kultura dirulaguntzak eskatzeko epea ireki zen. Dirulaguntza eskatu nahi dutenek hilabete bateko epea izango dute horretarako. Aurten, Barakaldok 11.250 euro gehiago bideratuko ditu laguntza hauetara, 122.500 euro guztira. Helburu nagusia Barakaldoko kultur sareari laguntzea da.

Urteko kultur proiektu edo jarduerak egin dituzten toki-erakunde guztiek jaso ahal izango dituzte laguntzak, bai eta ekimen puntualak edo apartekoak egitea erabaki dutenek ere. Lehenengo kategorian 91.000 euro banatuko dira eta, bigarrenean, berriz, 31.500. Kopuru horiek honela banatuko dira: 22.000 euro, 5.000 eurotik beherako aurrekontua duten proiektuentzat; 29.000 euro, 5.000 eta 10.000 euro bitarteko aurrekontua dutenentzat eta 40.000 euro, 10.000 eurotik gorako aurrekontua duten proiektuentzat. Unean uneko edo ezohiko jarduerak egiteko eskaerei dagokienez, guztizko zenbatekoa 31.250 eurokoa izango da, eta kategoria bakoitzari dagozkion zenbatekoak, berriz, 15.000 euro, 11.500 euro eta 5.000 eurokoak, hurrenez hurren.

Jende orori zuzendutako egitarau, egitasmo eta jardueretarako dira dirulaguntzak, beti ere, literatura, arte plastikoak, musika-ikuskizunak eta euskara sustatzeko ekimenak hedatzeko egokiak direnak.

TRAMITAZIO TELEMATIKOA EDO AURREZ AURREKOA

Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Sailak hiriko kultur elkarte guztiei helarazi die dirulaguntza horiek jaso ahal izateko behar duten informazioa. Gainera, ahal den neurrian, eskaerak Udalaren egoitza elektronikoaren bidez tramitatzea lehenesteko eskatu zaie (www.barakaldo.eus). Aurrez aurreko Udal Erregistroaren bidea martxan dago, baina, horretarako, hitzordua eskatu behar da 010 telefono-zenbakira deituta.