BARAKALDO. Hurrengo astelehenean, ekainak 1, Barakaldo Futbol Klubaren etxea den Lasesarre futbol zelaiko estalkia konpontzeko obrak hasiko dira. Horrez gain, futbol zelaiko teilatua eta fatxada eraberrituko dira baita ere. Barakaldoko taldeak liga dagoeneko amaitu duenez, lanak aurreratu ahal izan dira.

Urtarrilaren 29an sinatu zuen kontratua Barakaldoko Udalak, eta ekainaren 15ean hastea aurreikusita zegoen. Estalkia eraberritzeko 1.397.496,57 euro inbertitu dira; izan ere, egindako azterketen arabera, 2003an eraikitakoa ez da egokiena, eta, ondorioz, fatxadako eta estalkiko hainbat plaka erretenerantz irristatu dira, baita hegan egin ere. Azterlan horietan, gainera, ura putzuratzen den eremuak detektatu ziren, bai eta euri-uren sarearen sistemak ura galtzen den hodiak eta zulatutako osagarriak dituela ere. Obrak, gainera, fatxada garbitzea eta margotzea aurreikusten du, denboraren poderioz irudi zaharkitua baitute.

Lanek 5 hilabeteko iraupena dute, eta, denbora tarte horretan, Barakaldo Futbol Klubak Kirol Hiriko instalazioetan entrenatu eta jokatuko du, duela gutxi Udalak eraberritu dituen harmaila, soropil artifizial, atletismo pista eta aldagelekin.

"Barakaldo zaleentzat gehien espero den lanetako bat da hau, euriarekin itogin asko izan baititugu, horrek dakartzan deserosotasunekin", esan du Del Campok. "Obra hau Covida baino lehen genuen kontratatuta, eta txapelketen geldialdiak lanen hasiera pixka bat aurreratzeko aukera eman digu", azpimarratu du. "Lehiaketak normaltasunera itzultzen direnean, Kirol Hirian jokatu ahal izango du Barakaldok, iaz 2,5 milioi euro baino gehiago inbertitu genituen gune horretan", azpimarratu du.