BARAKALDO. Pasaden astelehenean, konfinamendua arintzeko lehenengo fasearekin batera, Barakaldoko Udalak herriko kaleak desinfektatzeko zerbitzua indartzea erabaki du, lehen baino jende gehiago baitago kalean eta, beraz, kutsatzeko arrisku gehiago. Arrisku hori gutxitzeko, kaleen garbiketa aregotuko du.

Horrela, Barakaldok ohiko baldekatze mekanikoko eta mistoko lanak berreskuratu ditu oinezkoentzako guneetan, eta, horrela, hiriko eremu guztietara iritsi da, eta ez soilik konfinamendu-asteetan erabilera handienekotzat jo direnetara. "Azken asteetan herritarrak gehien erabiltzen ari ziren eremuak desinfektatu dira, hala nola supermerkatuetatik gertu daudenak, metro-ahoak, ospitaleen eta anbulatorioen inguruak... Aste honetan kaleko jarduera areagotu egin da eta, beraz, beharrezkoa iruditu zaigu baldeetako normaltasuna berreskuratzea, desinfekzioa areagotzea eta eremu gehiagotara iristea", azpimarratu du Jon Andoni Uria Auzoetako eta Hiriko Obra eta Zerbitzuetako Arloko zinegotziak.

Orain, oinezkoentzako guneetan bide publikoa produktu desinfektatzaileez garbitzen da, baldekatze mekaniko eta mistoko metodoen bidez. Gainera, hirian ohikoak diren garbiketa-lanei eutsiko zaie: ekorketa, eskuzko baldekatzea, oinezkoentzako guneak garbitzea eta galtzadak mekanikoki baldekatzea.

DESINFEKZIOA SARBIDE MEKANOKOETAN

Neurri horiek azken asteotan garatzen ari direnei gehitu zaizkie, alegia, edukiontzien heldulekuak eta edukiontziak desinfektatzea, arrapala eta eskailera mekanikoetako eskudelak desinfektatzea, igogailu publikoen eta autobus-markesinen ukipen-azalerak garbitzea.