SANTURTZI. Hemen da Santurtziko Udalak eta Merkatari Batuak urtero bultzatzen duten "Dendak Kalean" ekimenaren edizio berri bat. Aurtengoa, aste honetan zehar egingo dena, bosgarren edizioa izango da. Ostegunean hasi eta larunbatean itxiko da. Egun horietan zehar, herriko saltokiek euren produktuak dendatik kanpo jarriko dituzte saltzen dituzten produktuak ezaguarazteko.

"Ekimena aurten berriro jarri da abian, aurreko edizioetako arrakasta ikusita, orain arte bai saltokien parte-hartzea eta bai herritarren erantzuna itzelak izan dira eta. Azken batean, santurtziarrok gure herrian bertan erosteko beste modu bat dugu horrela, modu atseginagoa nolabait" esan du prentsaurrekoan Juan Andrades Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak, zeinak edizio berriaren aurkezpena egin duen Merkatari Batuak elkartearen Loly Ansederekin batera.

Aurten guztira zenbait sektoretako 60 saltokik (iaz baino 10 gehiago) hartuko dute parte: moda, osagarriak, zapatak, dekorazioa, elikadura eta beste horren beste sektoretako dendak egongo dira kalean. Makina bat produktu jarriko dituzte gure esku Santurtziko auzoetan, hala nola, Txitxarran, Mahastietan, Juan XXIII kalean, Itsasalden, Kabiezesen, Murrieta etorbidean€ Gainera, hiru egun hauetan udaberriko denboraldirako berrikuntzak ere egongo dira salgai.

Berrikuntza gisa, behin baino gehiagotan erabiltzeko 3.000 poltsa egin dira ehuna den materialez, kanpainaren irudi eta guzti. Bezeroei bana emango zaie erosketa egiten dutenean.

Merkataritza Arloak antolatutako ekimen honek "Santurtziko merkataritza-sektorea sustatzea du helburu, gure herriko ekonomiaren alderdi garrantzitsua izateaz gain, kohesio sozial handia ematen duen jarduera baita eta balore ugari eskaintzen baititu, ekonomikoki zenbatezinak".