Santurtzik 'Behari' izeneko egitasmoa abiarazi du arrisku egoeran egon daitezkeen adinekoak atzemateko. "Bakarrik bizi diren eta aldez aurretik egitasmoan parte hartzeko interesa agertu duten adinekoen ongizatea zaindu eta behatuko duten herritar taldeak sortu nahi ditugu." esan du Urkijok proiektuaren aurkezpenean.

BBK Behari BBK gizarte lanaren ekimena izateaz gain, Santurtzi Adeitsua plangintzaren esparruan jorratzen den ekintza ere bada, Santurtziko Udalak adinekoek bizi dituzten bakardade-egoerak atzemateko asmoz 2016an abian jarri zuen plangintzaren esparruan hain zuzen.

Gogorarazi behar da parte-hartze prozesu zabala eta diagnosia egin ostean, plangintza bat aurkeztu zela duela aste gutxi, Santurtzik gero eta adeitsuago joka zezan adinekoekin. "Esparru honetan besteak beste, herrian bakardade-egoerei heltzeko beharra identifikatzen dugu. Horrexegatik erabaki dugu egitasmo hau sustatzea, bai herritarrentzat eta bai herriarentzat berarentzat interesgarria delakoan, azken batean bakarrik dauden santurtziarrak babestuta egongo direla bermatzen digu eta".

Gizarte arloko esku-hartze eredu hau Donibane auzoan probatuko da 24 hilabetez berau ebaluatu eta jokaera alderatuz. Horrela bada, izan daitezkeen akatsak atzeman egingo dira eta emaitzak jaso, zertarako-eta gerora Bizkaiko beste udalerri batzuetan ere abian jar dadin.

Santurtzin bakarrik bizi diren herritarren argazkia lortzeko bidea emango duen datu-basetik abiatuta, eta atzemandako herritar horien jarraipena errazte aldera, diagnosi bat egingo da eta gero, jarduketa-planak ere bai. Horretarako, herriko zenbait eragileren, eta orokorrean herritarren parte-hartzea sustatuko da, bakarrik dauden adinekoei laguntza eta babesa emango dizkien gizarte-ehuna sortu nahian.

Santurtzi ez ezik, Getxo eta Basauri ere dira aitzindariak egitasmo honetan, eta behin lehenengo fasea amaituta, emaitza aurkeztuko da gainerako udalerriekin informazioaren elkartrukea jorratuko den jardunaldi batean.