Bilbo. Barakaldoko San Silvestre lasterketa berriro arratsaldean izango da aurten. Udalak Barakaldoko Txirrindulari Elkartearen eskutik antolatutako lasterketa 17:00etan abiatuko da Herriko Plazatik datorren asteartean, abenduaren 31n. "Proba hau lasterketa saihestezina bihurtu da atleten egutegian. Eta uste dut ez dela bakarrik gure hirian barrena egiten duten ia 6 kilometroko ibilbide erakargarriagatik. Aitzitik, ziur nago arrakastaren zati handi bat proba honen inguruan sortzen den giro bikainari zor zaiola, kirola eta urte amaierako jaia nahasten baititu", adierazi zuen Iñigo Asensio Barakaldo Kirolak-eko presidenteak.

Lasterketak hiriaren erdialdea zeharkatzen duen 5,8 kilometroko ibilbidea du. Bi txandatan antolatzen da: txikiena eta helduena. Lehenengoan, hainbat kategoria bereizi dituzte, ibilbidea egiteko izena ematen duten 600 neska-mutilek modu erosoan parte hartu ahal izan dezaten. Aurten, antolatzaileek haur-kategoria bat gehiago sortu dute eta, beraz, partaidetza honela banatuko litzateke: 0-4 urte, 150 metro egiten dituztenak; 5-9 urte, 300 metro; 9-12 urte, 500 metro; 13-15 urte, 1.000 metro eta 16-17 urte, 1.500 metro egiten dituztenak.

LASTERKETA SOLIDARIOA

Hauxe da Barakaldoko Txirrindulari Elkarteak ekimen solidarioa egingo duen laugarren urtea. Izan ere, kilo bat janari jasoko du inskribatutako 0-17 urte bitarteko gazte bakoitzeko. Helduei zuzendutako lasterketako partaideek ere janaria ekarri ahal izango dute, hala nahiz izanez gero. Elikagaien Bankuari emango zaio bildutako guztia. Iaz 700 eta 800 kilo artean bildu zituzten.

Izen-emateak abenduaren 31ra arte egin daitezke Oto kirol dendan (Foruen pasealekua 6) eta Herriko Plazan hilaren 31n bertan.

"San Silvestre lasterketaren azken edizioetan 1.000 parte-hartzaile baino gehiago izan dira, beraz, ziur nago edizio hau ez dela gutxiago izango", adierazi du Asensiok, eta Barakaldako Txirrindulari elkarteko arduradunei eskerrak eman dizkie "proba honekin eta gure hiriarekin duten konpromisoagatik". "Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu boluntario gisa datorren astean San Silvestre lasterketak zazpigarren edizioa izan dezan laguntzen duten guztiei", amaitu du Barakaldo Kirolak-eko presidenteak.