BILBO. Aurten ere, ekitaldi honetako arduradunek pertsona nagusientzako jarduerez gain, haurrentzako ekintzak ere aurreikusi dituzte, batik bat, tailerren bitartez, eta feriaren barruan, mota bateko eta besteko jarduerak egongo dira, adin tarte guztientzat.

Ingurumeneko jarduerak

Ingurumen Sailak hainbat helburu jarri ditu legealdi honetarako, eta hain justu ere, Natura Azokan parte hartzen jarraitzea da Sailaren jomugetako bat, herritarrak iraunkortasunari buruz eta ingurumeneko praktika onei buruz kontzientziatzeko. Ingurumen Saileko karparen barruan, goizean, umeentzako tailerrak eskainiko dira, etxeko txikienek errezeta gastronomikoak egiteko, adibidez, pintxo osasungarriak edo zuku naturalak eta plastikozko objektuak berrerabiltzen ikasteko. Muskizko Nekazaritza Ekologikoko talde monitorizatuko kideek, berriz, “Babesten” izeneko metodoa erabiliz ekoitzi dituzten produktuak erakutsiko dituzte, eta metodo honi buruzko aholkularitza eta prestakuntza ere eskainiko dute, 11:30ean egingo den tailer parte-hartzaile baten bidez. Era berean, Zero Waste Muskiz taldeak erakusketa bat eskainiko du, erabiltzen ez diren eguneroko objektuekin egindako artikuluak aurkezteko, eta horretaz gain, gure egunerokoan plastikoaren ordez dauden beste aukerei buruzko aholkuak ere eskainiko ditu. Era berean, Bide Berdeari buruzko erakusketa bat ere izango da azokaren barruan.

Goizean zehar, Muskizko Babes Zibileko kideek, erabat dohainik, bihotz biriketako bizkortzeari buruzko eta desfibriladorearen erabilerari buruzko tailerrak eskainiko dituzte.

II. Familia Ibilaldia

Aurten ere Familia Ibilaldia egingo da, goizeko 09:00etatik aurrera, Posadero txikiraino eta itzulera ostera plazaraino. Ibilbidea hauxe izango da: San Juan plaza - La Ciñuela - Carrascal ? Arenao zelaia ? Posadero txiki (Basozainaren etxola: tiketei zigilua jartzeko gunea) ? La Castañiza ? La Campa ? eta buelta San Juan plazaraino. Ingurumen Saileko karpan eman beharko da izena, 08:15etik 09:00etara, eta parte hartzen dutenak bizikleta elektriko baten zozketan sartuko dira.

Txakolin Eguna

Era berean, txakolinaren tradizioa berreskuratu eta sustatze aldera, Bizkaiko hainbat upeldegitako txakolina dastatu ahalko da, Txakolin Egunaren (PDF 215KB) barruan. Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 15:00etara, 16 upeldegi desberdinetako Bizkaiko Txakolinaz gozatu ahalko da azokaren barruan, eta Bizkaiko upeldegietako prozesu eta paisaiak erakusten dituen argazki erakusketa bat ere jarriko da. Eguerdiko 12:30ean, dastaketa bat eskainiko da, Pobeñako Ibaialde jatetxeko pintxo ekologikoekin batera, 3 euroren truke, eta, orotara, gehienez, 40 pertsonak parte hartu ahalko dute dastaketan. Victor San Miguel izango da dastaketa honetako sommelierra.

Gustu guztietarako jarduerak

Aurreko urteetan bezala, aurten ere natura maite dutenentzako jarduera ugari izango dira Muskizko Ehiza, Arrantza eta Natura Azokan. Ohiko ehiza zakurren, hegazti harraparien eta abarren erakusketez gain, Ertzaintzako Zakurren Unitateak erakusketa bat eskainiko du, eguerdiko 13:00etan, gutxi gorabehera. Hortik aparte, ehiza eta arrantza stand bat izango da, harkaitzetako arrain eta basurde dastaketak eta Enkarterriko eta Kantauriko baserrietako nekazal produktuen erakusketa; horretaz gain, etxeko txikienek arrantza egiten ikasi ahalko dute Kelman esperientzia igerilekuan.

Heriotza gabeko arrantza Barbadun ibaian

Azokaren barruan, hainbat jaurtiketa mota eskainiko dira, arkua, karabina eta tiragoma, eta horretaz gain, euli artifizial tailerra eskainiko da, jaurtiketa lehorrean zartailu modalitatean, eta heriotza gabeko korrokoi arrantza Barbadun ibaian, zeinean Muskizko Arrantza Eskolarekin batera bertaratzen diren guztiek parte hartu ahalko duten. Itsasaldiak direla eta, goizeko 09:00etan izango da hitzordua.

Jakingura handiena dutenek, berriz, artisautzaz gozatu ahalko dute, izan ere, egur tailuak, apeu arfizialak, bastoiak, itsasontzi eta hegazkin maketak, antzinako objektuak, animalia itxurako metalak, labanak, giltzatakoak eta txapak izango dira, bai eta taxidermia eta ehiza-artisautza ere, adarretan, metaletan, egurretan eta aiztoetan.

XIII. Ehiza, Arrantza eta Natura azokari bukaera emateko, herri bazkari bat egingo da, eta 16 euroren truke bazkaldu ahalko da. Izena emateko, Arraintxori Klubeko egoitzara bertaratu behar da, 10:30etik 13:00etara; gaur amaitzen da izena emateko epea.