BILBO. Portugaletek kontsentsuzko erantzuna emango die jaietako eraso matxistei. Ekintzaren helburua indarkeria matxista urte osoan murriztea da. Eraso matxista gehienak udan gertatzen dira.

Eraso matxisten kontra borrokatzeko, ezinbestekoa da etengabeko lana hezkuntzan eta sentsibilizazioan, gizarte portaerak aldatzearren. Horri begira, bada, Portugaleteko Udalak zenbait egitarau eta ekintza garatzen ditu, urte osoan garatu ere, eremu horiek jorratzeko.

Baina herritarren segurtasuna ere bada landu beharrekoa, erasoak aurreikusi eta ekiditeko. Horregatik, datozen jaiegunetan Portugaleteko Udalak egunean 30 bat langile izango ditu (udaltzainak, trafiko jagoleak eta ordenantza jagoleak, hala uniformedun nola kale jantzian) segurtasun alorrean lanean. Horren ondorioz, udalerrian eguneko 24 orduetan izango dugu zaintza trinko iraunkorra, batez ere jai eremuetan.

Horretaz gain, aurreko urteetan bezalaxe, Udalaren Berdintasun Sailak eta Txosna Batzordeak eraso sexisten kontrako abegi-guneak paratu dituzte txosna guztietan, hala emakumeek nola balizko erasotzaileek garbi ikus dezaten gune horiek emakumeentzako seguruak direla eta emakumeek horiexetara jo dezaketela, euren burua estualdi larrian ikusiz gero. Beste gune seguru bat ere paratuko da Merkatuan: bertan polizia agenteak nola osasun arloko langileak arituko dira eguneko 24 orduetan.

Bestetik, sakelako aplikazio bat ere prestatzen ari gara, larrialdietan erantzun azkarra eman ahal izateko, oso baliagarria izango delakoan emakumeak ikaratu edo erasoz gero.

Ekimen horien guztien helburua da Portugalete udalerri segurua izatea eta bertan emakumeek, gainontzeko herritarrek bezalaxe, askatasun osoz bizi eta goza ditzaten jaiak.

Funtsezkoa deritzogu, hala ere, herritar guztien arbuioa adierazteari, indarkeria matxistaren kasuren bat gertatzen denean. Horregatik Berdintasun Batzorde Mistoak eta Portugaleteko Mugimendu Feministak batera prestau dute Portugaleteko jaietako eta jaiaurrekoetako eraso matxistei erakundeak eta herritarrek eman behar dioten erantzunaren agiria, Txosna Batzordearekin ere adostua.

Agiriak balizko hiru egoera aurreikusten ditu, erasoaren larritasunaren arabera. Beraz, eraso larria gertatuz gero, Portugaleteko Udalak Berdintasun Batzorde Mistoak ezarritako protokoloei jarraituko lieke. Protokolo horiek urte osoan jarri ohi dira martxan eraso matxista bat gertatzen denean.

Larritasun maila apalagoko erasoa gertatuz gero, berriz, entzutezko iragarkia emitituko genuke soinu ekipoa duten jai-gune guztietatik, eta txosna-eremutik ere bai.

Erantzun-ekintzak koordinatzeko, gainera, Jarraipen Batzordea sortu da, Udalaren Segurtasun eta Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun sailetako langileekin, Berdintasun Batzorde Mistoko kideekin eta Portugaleteko Mugimendu Feministako ordezkariekin osatuta. Jarraipen Batzorde horrek bildu, ezagutarazi eta egiaztatu egingo du balizko gertakariaren inguruko informazio guztia eta, behar izanez gero, haren larritasun maila erabaki eta maila horretako erantzun-protokoloa aktibatu.

Hemendik aurrera ere elkarlanean iraungo dugu emakumeenganako indarkeriaren kontrako borrokan, jokamoldeen aldaketa bati begira, eta batez ere aurrezaintza eta erantzun egokiak lantzen.

Horrela esaten die Portugaletek EZETZ eraso matxistei.