BILBO. Bereziki zainduko dira metroko sarrerak, eta hainbat alkoholemia kontrol ezarriko dira, gehiegi kontsumitzeak dakartzan ondorioak apaltzeko. Jolas esparruetan kontsumitu ohi diren ez legezko substantziak ere antzemateko testak egingo dira. Bidenabar, prebentziozko mintzaldiak eskainiko dira, bai eta informazioa biltzen duen materiala ere droga kontsumitzearen ondorioei eta sexua seguru praktikatzeko moduari buruz.

Segurtasun dispositibo berezia osatzeko, jaietan ebasketak saihesteko zer egin aholkatzeko triptiko bat banatuko da. "Ertzaintzak aholku sorta bat prestatu du, jai gauetan zorroan zer eramatea komeni den, zer egin mugikorrekin, non kokatu poltsak eta gerriko zorroak... azaltzeko. Finean, ebasketa egiteko asmotan dabilenari, gauzak ez erraztea da kontua", nabarmendu du Hirigintza eta Udal Zerbitzu Arloko Jon andoni Uriak.

ERASORIK GABEKO JAIAK

Eraso Sexistarik gabeko Puntua jarri du Anaien parkean Udalak. Zabalik egungo da, larunbatean (13), astelehenean (15), ostiralean (19) eta zapatuan (20), 22:30etik 01:00era; eta igandean (14), asteartean (16), asteazkenean (17) eta ostegunean (18), berriz, 20:30etik 22:30era. Argitan-Barakaldoko Emakumearen Aholkularitza Zentroak kudeatuko du, eta Mikromatxismoen Aurkako tailerra prestatuko du, besteak beste. Hizkuntza ez sexista, uztailaren 17an, 18:30etik 20:30era. Jaiak dirauten egun guztietan puntu lilaren standa izango dugu photocall feministarekin, berdintasuna eta errespetua galdatzeko argazkiak ateratzeko.

Horrez gainera, Barakaldoko Emakume Arloak Barakaldo Beldurrik Ez mugikorrerako aplikazioa atera du: aplikazioa dokoa da eta IOS eta Android sistemen bidez balia daiteke. Aplikazioak Udaltzaingoa berehala ohartarazteko aukera ematen du, eraso sexista bat gertatzen ari denean, eta horrela, patruila instantean bertaratuko da.

GARBIKETA ZERBITZUA INDARTUTA

Kalean jarduerak ugarituko direnez, Karmenetan ahalegin handiagoa egin beharko du garbiketa zerbitzuak. Aurten, 28 garbitzeko makina izango ditugu, bai eta garbiketako hogeita hamar bat langile ere, jende ugarien dabilen jai esparruak garbitzeko: Barrakak, txosna-gunea, Herriko Plaza, Foruen pasealekua, Zaballa, Juan de Garay, Anaien parkea, Porturen dartsena...

"Aurreko urteetan txiza gehien egiten izan den lekuetan indartuko da garbiketa; horrez gainera, txosna-gunea makina kale-garbitzaile berriarekin garbitzeko ahalegin handiagoa egingo da, eta jaiak bukatzean, makina berarekin espaloiak eta galtzada garbituko dira",

ALDAKETAK GARRAIO PUBLIKOAN

Horrez gainera, Karmenetako jaiek aldaketak eragiten dituzte trafikoan. Horrela, bada, Foruen pasealekua datorren zapatutik astelehenera bitartean moztuko da; beraz, Kbusaren 2 linea Landaburu eta Arrandi kaleetatik igaroko da. Landaburu kaleko 9an jarriko da geltokia. Horrez gainera, larunbat arratsaldeko 19:00etan hasiko den kuadrilla jaitsieran 1 lineako autobusak zain egon beharko dute partaideak igaro bitartean.

Honela eragingo diote aldaketek Bizkaibus zerbitzuari:

  • Askatasunaren kalea moztuko dute, La Bondad eta Biltzar Nagusien arteko tartean, uztailaren 24ra arte: Askatasunaren kaletik ibili ohi diren autobus lineek Bondad kaletik Gabriel Aresti kalera doan ordezko ibilbidea egingo dute, eta hortik, berriro hartuko dute Askatasunaren etorbidea ohiko ibilbidea egiten jarraitzeko. Hortaz, Askatasunaren etorbideko 23 zenbakiaren parean dagoen geltokia Francisco Gomez kaleko gurutzearen parera aldatuko dute.
  • Foruen pasealekua moztuta egongo da zapatutik (hilak 13) astelehenera (hilak 22), biak barne: Foruen pasealekutik igarotzen diren autobus lineak Landaburu eta Arranditik igaro beharko dute, eta Foruak-Bide Onera geltokia Landaburu 11ren parera eramango dute; eta Foruak Herriko Plazakoa, berriz, Arrandi kaleko 15era.
  • Herriko Plazara sarbidea moztuta egongo da 23:30etatik aurrera, zapatuetan, hilak 13 eta 20, kontzertuen karietara: Zerbitzua ordu horretatik aurrera ematen duten autobusek ez dute Aldapa kalea igotzerik izango, eta ordezko ibilbide bat egin beharko dute.