BILBO. Otsailetik aurrera, hurrengo sei hilabeteetara bitartean, herritarrek parte hartzeko prozesu batean lanean ari da Muskiz, udalerri lagunkoiagoa izan dadin. Euskadi Lagunkoia izeneko sarearekin bat egin eta gero udalak pertsona nagusiei begira, ideia eta proposamenak jasoko ditu.

Helburu horri begira, talde eragile bat abian ipini da, Muskizko udalerriko auzotarrei aurretik egin zaizkien 300 inkesta baino gehiago aztertuta, landu beharreko proposamen eta beharrak identifikatzeko. Muskizko talde eragile honetan udalerriko hamar entitate inguruk hartzen dute parte, eta entitate horiekin batera, udalerriko hainbat teknikari eta politikari ere lanean ari dira.

Gaur egun, ekintza plan hau aurrera ateratzeko, guztira, 4 tailer egin dira. Lehenengoa, aurreko otsailean egin zen, eta batik bat, egitasmoa aurkezteko eta talde eragileen arteko kideen eta Muskizko gune publikoen arteko lehenengo harremana egiteko baliatu zen. Orotara, 20 lagun inguru hurbildu ziren, Jesús María Romon Gizarte Ekintzako zinegotziarekin batera. Diagnostikoari dagokion fasea zertan datzan azaldu eta gero, talde eragilea 3 azpi-taldetan banatu zen, alderdi negatiboak, positiboak, eta Muskiz adin guztietako pertsonentzat udalerri irisgarriagoa izan dadin hobetu beharreko esparruak aztertzeko.

Bigarren tailerrean, gune eta eraikin publikoak segurtasunaren eta irisgarritasunaren ikuspegitik aztertzea izan zen arreta-gunea. Horretarako, parkeei eta kanpoaldeko guneei, espaloiei eta segurtasunari buruz egin diren inkestetako emaitzak aztertu ziren. Alderdi hauetaz herritarrek duten iritzia ezagutzea oso inportantea da, ondoren, modu zabalagoan, sail hauetako bakoitza zehatzago aztertu ahal izateko: segurtasuna, argiztatzea eta eraikin publiko hauek: Osasun Zentroa, Kultur Etxea, Udaletxea, Udal Kiroldegia, parkeak, bideak eta errepideak.

Hirugarren eta laugarren tailerrean garraioei eta etxebizitzari lotutako gaiak jorratu ziren. Hainbat garraiobide analizatu ziren (autobusa, taxia, bizikleta, autoa), zebra-bideak, semaforoak, aparkalekuak eta trafiko seinaleak, Udalmap delakoak eskainitako datu-basea eta udalerrian egindako inkestetako emaitzak aztertuta. Horretaz gain, Google Maps erabiliz Muskizko hainbat auzotatik egindako ibilbide bati esker, gune bakoitzean egin beharreko hobekuntzak zehaztu ziren. Etxebizitzaren kasuan, eskuragarritasuna, egokitasuna, hornikuntza, irisgarritasuna eta beste hainbat arlo landu ziren. Diagnostikoa egin zen bitartean, ekintza planean islatuko diren hainbat ekintza proposatu ahal izan ziren.

Hurrengo tailerra

Hurrengo astelehenean, apirilak 15, Muskizko Eguneko Zentroan, goizeko 11:00etatik 13:00etara, hurrengo tailerra eramango da aurrera, zeinean elkarteen sarea eta merkataritza landuko baitira.