Datorren ostegunean, azaroak 25, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da. Aurten, urtero bezala, Getxoko Udalak ekimenarekin bat egingo du, hainbat jarduera antolatuz.

“Indarkeria matxista pertsona guztiei dagokien arazoa da. Labirinto honekin indarkeria matxistaren parte diren jarrera sexistak ikusarazi eta identifikatu nahi dira eta horiei buruzko hausnarketa egin ere, eta, aldi berean, ekintza txikiak egitera gonbidatzen da aldaketa handiak lortzeko. Ekintza horrek, Udalak antolatutako ekintza guztien ardatza denak, emakumeenganako indarkeria gaitzesten du. Komeni da argitzea indarkeria matxistaren adierazpen fisikoa indarkeria desberdinen icebergaren punta baino ez dela, eta horregatik animatzen dut horren kontrako jarrera agertzera eta antolatutako ekintzetan parte hartzera. Getxo indarkeria mota horrekiko zero tolerantzia duen udalerria da” nabarmendu du Amaia Agirre alkateak. Zifrak ikaragarriak dira (36 emakume hil dituzte bikotekideek edo bikotekide ohiek aurten, eta 1.118, 2003an zenbatzen hasi zirenetik). Agirrek azpimarratu duenez, ez dira datuak edo zifrak bakarrik, izen-abizenak dituzten emakumeak dira, eta arazo konplexu eta estruktural baten aurrean gaudela egiaztatzen dute.

Labirintotik eguneroko jarrerei eta gizonen pribilegioei buruzko galdera batzuk erantzuten diren bitartean aurrera egiten da. Emakumeek aukera izango dute planteatzen diren egoeretatik zenbat jasan dituzten egiaztatzeko. Erantzunek labirintoaren irteera aurkitzen lagunduko dute. “Labirinto hau metafora bat da, gizarteak indarkeria matxista ordezkatzen duen erarena. Irten ahal izango zara? Garrantzitsua da ulertzea indarkeria matxistatik ateratzeko jarrera eta pribilegio asko aldatu behar ditugula, indarkeria emakumeen eta gizonen desberdintasunean oinarritzen baita. Labirintoak eguneroko jarrerei eta pribilejioei buruzko hainbat galderaren bitartez gizonak interpelatzen ditu baita emakumeekin dituzten harremanei buruz ere, besteak beste hurrengo esparruetan: zainketen erantzukidetasuna, indarkeria matxista desagerraraztea, jazarpena, sexualitateaz…. Aldi berean, emakumeok aukera izango dugu labirintoan planteatzen diren egoeren inguruko hausnarketa egiteko eta horiek gure eguneroko bizitzan zein nolako eragina duten pentsatzeko ere”, azaldu du Carmen Diaz, Gizarte Kohesioko zinegotziak.

Areetako Geltokia plazan dagoen labirintorako sarbidea irekia izango da eta bertan egongo da ostiral honetatik, hilak 19, 28ra arte. Ordutegia 12:00etatik 20:00etara izango da. 12 urtetik beherakoek heldu batekin sartu beharko dute. Labirintoa inauguratu da udal batzaren bisitarekin eta horrela emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako jarrerarekin bat egin dute.

JARDUERA GEHIAGO

Bestalde, puntu lila duten pankartak jarriko dira Udaletxean, Santa Claran, San Nikolas liburutegian, Andres Isasi Musika Eskolan eta Bizkaia Zubian. Gainera, Udalak txapak, txartelak eramateko zorroak eta biniloak banatuko ditu puntuarekin, indarkeriaren kontrako sinbolo gisa.

Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan errezitaldi/ performance bat egingo da bihar, larunbatean, hilak 20, 19:00etan, euskaraz, Mari Luz Esteban antropologo feministaren Andrezaharraren manifestua liburuan oinarrituta, eta Metrokoadroka kolektiboarekin batera. Sarrera doakoa izango da. Egun horretan bertan, 19:30ean, RKE-Romo Kultur Etxean, eta Beldur Barik programaren barruan, La Psicowomanek Generación Z,redes sociales y postureo hitzaldia eskainiko du. Gaztelekuetako nerabeek, programa horren barruan, graffiti bat egin dute Algortako Urgull kalean, eta Jabekuntza Eskolaren mintegi feministaren lehenengo saioa egungo tele saioetan agertzen den emakumeen kontrako indarkeriari buruz izan da.

Azkenik, 2019an hasitako kanpainaren jarraipen gisa, Getxoko merkatarien elkarteek bat egin dute Indarkeria matxistarik Gabeko Guneen Sarearekin, eta dendak gonbidatu dituzte beren erakusleihoak beltzez janztera, azaroaren 22tik 28ra.

ELKARTEEN JARDUERAK

Udalerriko elkarteek bultzatutako jardueren artean, Gizatiar elkarteak Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako II. Jardunaldiak antolatu ditu, hilaren 23an, asteartea, (Volar pelikularen proiekzioa), eta 24an, asteazkena, (¿Por qué nos matan a las mujeres?), 19:00etan, RKEn. Urteko kontzentrazioarekin amaituko dute, azaroaren 25ean, 19:30ean, Bizkaia Zubiaren plazako puntu lilan.

Bestalde, Getxoko Mugimendu Feministak manifestazioa deitu du, 19:30ean, Telletxetik abiatuta.