Getxoko Udalak 118.347.938 euroko aurrekontua izango du datorren ekitaldian; hau da, aurtengoa baino % 9,3 handiagoa. Aurrekontu hori inoizko aurrekonturik handiena izango da udalerriarentzat.

Aurrekontua diseinatzeko, Udal Gobernuak 2020/23 Legegintzaldiko Plana gauzatzen jarraitzen du, Giza Garapen Iraunkorraren zutabeak diren hiru agenden (soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa) arteko orekan oinarrituta. "Pertsona da gure proiektuaren eta gure kudeaketaren erdigunea", adierazi du Amaia Agirre alkateak. Halaber, “aurrekontu honek, gizarte mailan, Getxo bateratua eta solidarioa nahi du; ekintzailea, berritzailea, sortzailea eta dinamikoa; ingurumenarekin eta klima-aldaketaren kontrako borrokarekin konprometitua; harreragilea, berdintasuna eta kulturen arteko bizikidetza bezalako balioetan oinarritua; Euskadin errotua, euskal identitatean, kulturan, hizkuntza anitzeko errealitatean euskaldunagoa; gardena, hurbila eta parte hartzekoa; eta udal-ekintza osoaren zeharkako ardatz moduan zintzotasuna eta zehaztasuna dituena”, gogorarazi du.

Alkateak adierazi duenez, “aurrekontu honek aurrera egiten du Legealdi Planean jasotako proiektu pozgarrienetako batzuetan”, hala nola:

  • Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokor Berria.
  • Areetako Geltokiko plazaren diseinu berria, herritarren gozamenerako.
  • Mugikortasun iraunkorraren aldeko apustu irmoa: bidegorrien sarea eta TAO espres.
  • Etxebizitza Plan berria (2020-2035), hainbat premia asetzeko irtenbideak eskainiko dituena, etxebizitzen ondare publikoa areagotzean eta alokairu sozialaren aldeko apustuan oinarrituta.
  • Talentu-azeleragailu berria Algortako Urgull kalean (sormen- eta kultura-sektorerako berrikuntza-poloa, profesionalizatzen lagunduko duena), Kirol Portuko ETEen zentro finkatuarekin bat egingo duena.
  • Gizarte Zerbitzuen bultzada berria, honako erronka hauei arrakastaz aurre egin ahal izateko: biztanleriaren zahartzea, familia-aldaketak, berdintasuna eta aniztasunaren benetako inklusioa.
  • Herritarrentzako arretarako leihatila bakarra bultzatzea.
  • Hondakinak eta energia berriztagarriak kudeatzeko estrategia berria, ekonomia zirkularreko ekimenak sustatuko dituena eta aurreztea bultzatuko duena.

Bestalde, sozialisten ordezkari eta Gizarte Kohesioaren Arloko arduradun Carmen Díazek azpimarratu duenez, “diru-sarreren igoerak bi helburu garrantzitsu betetzeko aukera emango digu: inbertsioak handitzea eta arloei aurrekontu handiena ematea Getxo Ekinez planean aurreikusitako ekintzak sendotzeko, krisi honetatik aurrera egiteko susperraldi justua ahalbidetzeko. Aurrekontuak honako hauetan oinarritzen dira: ingurumen-jasangarritasuna, hiri-eraldaketa, energia-eraginkortasuna, mugikortasun jasangarria, hondakinen kudeaketa hobetzea, eta gizarte-jasangarritasuna: gizarte-garapena, berdintasuna, harrera, inklusioa, zaintza, adinekoei eta mendekotasunari arreta ematea eta gazteei bultzada ematea, eta hirugarren sektorearekin sarean lan egitea”.

AURREKONTU HEDAKORRA: 2021EKOA BAINO % 9,3 HANDIAGOA

Ignacio Uriarte Ogasuneko zinegotziak azaldu duenez, diru-sarreren aurreikuspenaren hobetzea Udalkutxa foru-funtsetik dator batez ere, 53 milioi euro ingurukoa baita, 2021erako adostutako konturako entrega baino ia 6 milioi gehiago. Kudeaketa propioko tasei eta zergei dagokienez ere, udalerriaren dinamismo handiagoan oinarritutako aurreikuspena handitu egin dela ikusten da, eraikuntzen eta obren gaineko zergaren (ICIO), jarduera ekonomikoen gaineko zergaren (JEZ) edo Erakunde Autonomoek edukiera handiagoetara itzulita jarduera handitzeagatiko tasen aurreikuspenak hobetuz. OHZ, berriz, % 2,9 eguneratu zen, uztaileko urte arteko KPIari zegokiona.

Gainbalioaren zergari dagokionez, ez da likidaziorik jakinarazten ari foru-aldundiek egin ditzaketen arau-aldaketen ondorioak argitu arte.

Zerga-bilketaren hobekuntzari esker, inbertsioak ere handitu daitezke, 13 milioi eurotik gora.