Herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin darrai Getxoko Udala. Hori dela eta, ikasleen familiei bideratutako matrikulazioaren hizkuntza-ereduei buruzko heziketa antolatu egin du Udalak, 'Euskara, gure etorkizuna, nuestro futuro' izenpean.

“Matrikulazio garaian soilik egin beharrean, oraingoan heziketa osatuago eskaini nahi diegu familiei, hain garrantzitsua den seme-alaben heziketa prozesuan sortzen diren galderei erantzunak emateko eta aldi berean, euskararen erabilera sustatzera laguntzeko”, azaldu du Irantzu Uriarte, Euskara zinegotziak.

Hitzaldi zikloaren lehenengoa datorren azaroaren 10ean, asteazkenean, 18:00etan, izango da, gazteleraz, Getxo Elkartegian. Titulua Aprendizaje y uso de lenguas ¿Cual es el papel del euskera en la vida y en el futuro de nuestros/as hijos/as? izango da eta hizlaria Iñaki Eizmendi Gizarte Hezitzailea. Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan ikasten duten seme alaben gurasoei zuzenduta, haurtzaindegi zerbitzua egongo da eta horretarako eta solasaldirako izenematea honako loturan egin behar da.

Bestalde, azaroaren 25ean, 17:30ean, eta SENDI proiektuaren barruan, Komunikazio ez Bortitza hitzaldia eskainiko du Nerea Mendizabal Komunikazio Ez Bortitzeko hezitzaileak, Fadurako kiroldegian, euskaraz. Haurtzaindegi zerbitzua egongo da eta horretarako eta solasaldirako izenematea honako loturan egin behar dute interesatuek.

Azkenik, datorren urtarrilaren 25ean, 18:00etan, Muxikebarriko Gorrondatxe aretoan, Zeuek duzue giltza. Haurren hizkuntza portaerei eragiteko bideak solasaldia eskainiko du Paula Kasares filologoak, euskaraz, Haur Hezkuntzan hasi direnen familientzat eta irakasle, hezitzaile eta begiraleentzat.

Horiekin batera, eta antolatuko diren gainontzeko jardueren artean, Haurren aurrean, helduok heldu izeneko kanpaina izango da azaroaren 22tik abenduaren 5era. Hori umeekin harreman zuzena duten helduen aktibazio ekimena izango da, helduon arteko hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskara gehiago erabiltzea sustatzeko.