Datorren ostegunean, irailak 16, Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa hasiko da Getxon. Bertan mundu osoko 16 selekzio, 39 klub, 73 talde eta 580 kirolari baino gehiagok hartuko dute parte. 'Tug of War' izeneko txapelketa zortzi kategoriatan banatuko da, pisuen eta sexuen arabera, eta irailaren 19ra arte iraungo du.

Parte hartuko duten herrialdeen artean, besteak beste, Ingalaterra, Hegoafrika, Alemania, Txina Taipei, Herbehereak, Israel, Suitza eta Basque Country bera izango dira.

Txapelketa 2020ko irailerako zegoen aurreikusita, eta pandemiak atzeratu egin zuen. Hala, munduko kluben txapelketa egingo da lehen bi egunetan, irailaren 16an eta 17an, eta selekzio nazionalena, 18an eta 19an, gaur goizean bertan Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroan (HTZ) eskaini den prentsaurrekoan jakitera eman denez. Bertan izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua eta Amaia Agirre Getxoko alkatea -kirol ekitaldi handi hau babesten duten erakunde publikoen ordezkari nagusi gisa -, Igor Duñabetia Euskal Herri Kirol Federazioko presidentearekin eta Maaike Hornsta TWIFeko idazkari nagusiarekin batera.

PANDEMIAN EGITEN DEN MUNDUKO LEHEN SOKATIRA LEHIAKETA

Getxoko Munduko Sokatira Txapelketaren antolakuntza txapelketan parte hartzen duten kluben ardura da, Euskadin duela urte asko sokatira bultzatzen ari diren hiru erakundeekin batera: Euskadiko eta Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federazioak eta Getxo Herri Kirol Taldea. Antolakuntzaren arabera, Getxo munduko txapelketa baten egoitza izendatzeak (TWIFek 2015eko Malmoko Kongresuan izendatu zuen Getxoren hautagaitza munduko txapelketa antolatzeko) Euskal Herrian sokatiraren kirol mundua selekzioaren ofizialtasuna lortzeko egiten ari den ahalegin gogor eta neketsu baten gailurra da, nazioarteko testuinguruan nortasun propioarekin lehiatzeko.

Amaia Agirre alkateak prentsaurrekoan gogoratu duenez, "Getxo kirola intentsitate handiz bizi duen herria da. Gure herriko kirolaren eta jarduera fisikoaren inguruko elkarte- eta herritar-sarea sendoa eta oso aktiboa da, eta, beraz, uste dugu bisitatuko gaituzten kirolariak etxean bezala sentituko direla".

Munduko txapelketa hau antolatzea erronka handia izan da; izan ere, salbuespenezkoak eta ezohikoak dira abian jarritako segurtasun-neurriak, parte-hartzaile guztiak covidetik babesten direla bermatzeko eta ziurtatzeko. Hala, Sokatira Mundialaren antolaketak funtsezko bi arau izan ditu oinarri: batetik, txapelketaren garapena bera ahalbidetzea, eta, bestetik, parte-hartzaile guztien segurtasuna eta osasuna bermatzea, Igor Duñabeitia Euskadiko Herri Kirol Federazioko presidentearen hitzetan. "Horrela, txapelketa honetan parte hartzen duten guztiek PCR negatiboa izango dute eta taldekako burbuiletan bilduta egongo dira".

Jendearentzako edukiera ere 500 pertsonakoa izango da, eta sarrerak aldez aurretik erreserbatzeko sistema bat prestatu da eskaerak kudeatzeko eta egun bakoitzeko saioetara, goizeko zein arratsaldekora, sartzeko. Sarrerak eskatzeko epea igande honetan, hilaren 12an, itxiko da. Sarrera guztiek 5 euro balio dute eta aukeratutako saiora sartzean ordaindu beharko da. Sarreren erreserba eta programa.

BASQUE COUNTRY TALDE NAZIONALA

Kirolari dagokionez, Basque Country selekzioak -TWIFeko eskubide osoko kidea da 2014tik- arrakasta-maila handienak lortu nahi ditu, euskal selekzioek nazioartean edozein kirol-modalitatetan lehiatzeko duten gaitasuna eta nahia erakutsiz. Munduko txapelketa, gainera, aukera ezin hobea da kirol hau hedatzeko eta balioesteko, modalitate inklusiboa baita, gaur egungoa, talde- eta lagun-balioak ematen dituena.

Txapelketa honetan, Basque Countryk tiraldiak jokatuko ditu 8 kategoriatan: 500 eta 540 kilo emakumezkoak; 560, 640, 680 eta 720 kilo gizonezkoak; 580 kilo mistoak; eta 480 kilo junior emakumezkoak. 2018an Lurmutur Hirian egin zen azken Munduko Txapelketan Basque Country taldeak arrakasta handia lortu zuen eta zazpi dominarekin itzuli zen etxera.

Azkenik, aipatzekoa da Getxon munduko txapelketa honetan jokatzen diren hiru kategoria, gainera, 2022ko Birminghameko (Alabama, AEB) Munduko Jokoetarako txartela lortzeko konputatzen direla.