Zabalik dago jada Lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketaren antolaketan parte hartzeko izena emateko epea. Hain berezia bezain dibertigarria izango den txapelketa hau irailaren 16tik 19ra bitartean ospatu egingo da Getxoko Fadura udal kiroldegiko instalazioetan.

Munduko Sokatira Txapelketan (Tug of War Championships da nazioartean duen izena), Nazioarteko Federazioari (TWIF) atxikitako elkarte eta klubek parte hartzen dute. 2020ko irailerako aurreikusita zegoen txapelketa egitea, baina COVID-19aren pandemiak eragindako egoerak urtebetez atzeratzera behartu zuen.

Sokatira Mundialak Getxoko Udalaren babesa du, besteak beste, eta haren helburuetako bat da aukera paregabea eskaintzea kirol hau goi mailan ezagutzeko eta gozatzeko; alegia, milaka urte dituen eta balio oso garaikideak proiektatzen dituen kirola: berdintasuna, fair play, giro ona, inklusioa, iraunkortasuna... Izan ere, Euskadiko eta Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federazioak eta Getxo Herri Kirol Taldeak osatzen duten antolakuntzak, dagoeneko ireki du epea txapelketan laguntzeko prest dauden pertsonentzat (18 urtetik gorakoentzat), bai ekitaldiaren egunetan, bai aurreko eta ondorengo egunetan, ordezkaritzen etorrerarekin eta irteerarekin batera. Hautatutako laguntzaileek honako alderdi hauek babestuko dituzte: talde parte-hartzaileei laguntzea, Covid neurrien kontrola, zeregin logistikoak, etab. Horretarako, aurretiko prestakuntza emango zaie, eta uneoro izango dute erakundearen laguntza, eskatutako lana modu eraginkor, seguru eta errazean egin dadin.