Getxoko Udalak hasiera eman dio udari. Getxo Kirolakek Fadurako kanpoko igerilekuak zabaldu egin ditu dagoeneko. Igerilekuak irailaren 19ra arte iraungo dute zabalik.

Iaz bezala, koronabirusak eragindako egoera sanitarioa dela eta, igerilekuetarako eta solarium eremuetarako sarbideak aurretiko hitzorduarekin erreserbatu beharko dira.Horretarako erreserba-sistema bat ezarri da bi ordutegiren arabera (asteko gehienez bi erreserbarako aukerarekin): bat goizez (10:30etik 15:00etara) eta bestea arratsaldez (16:00etatik 20:30era). Edukiera guztira 525 pertsonakoa izanik txandetako bakoitzean.

Ordutegien harira, igerileku olinpikoa egunero zabalduko da 7:30etik 21:30era (15:30etik 16:30era itxiko da garbiketa eta desinfekzio lanetarako), eta tarte horretan halaber igeriketa askerako eguneko ordu bat erreserbatu ahal izango da. Haurren igerilekuak eta gune berdeak erabilgarri jarriko dira 10:30etik 20:30era.

Udako igerilekuen erabilerarako modalitate ezberdinen aurretiko hitzordu bidezko erreserba Getxo Kirolak-eko harpidedunengana zuzenduta dago eta egin ahal izango da Getxo Kirolak-en webgunean, zuzenean Faduran edota 94 430 80 70 telefonoan. Era berean, edukieraren %5 bat erreserbatzen da harpidetu gabeko pertsonentzat, zeinek sarrera bat eskuratu ahal izango duten Fadurako bulegotan, betiere plaza libreak daudenean.

Amaitzeko, Fadurako barne igerilekuen udako ordutegia izango da astelehenetik ostiralera 16:30etik 19:30era (asteburutan 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 19:30era). Gobela kiroldegiko igerilekuak jendearentzat zabalduko dira 7:30etik 21:30era, astelehenetik ostiralera (asteburutan 8:30ean zabalduko dira) eta abuztuan itxita egongo dira.