GETXO. Larunbat honetan, maiatzak 15, ireki egin da Getxoko Andrés Isasi Musika Eskolan izena emateko epea, irailean hasiko den 2021-2022 ikasturteari begira. Eskolan sartzeko gutxieneko adina 4 urte dira. Areetako eta Algortako egoitzetan matrikulatzeko epea maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik.

Inskripzioa online egin ahal izango da Udalaren webgunearen barruan, esteka honen bitartez. Eskaera egiteko, Getxoko Udalaren webgune ofizialean eskuragarri dagoen inprimaki bat bete behar da. Eskola saiatzen da ikasleek etxetik ahalik eta hurbilen duten egoitzan ikas dezaten, baina ezin du guztiz ziurtatu.

ANDRÉS ISASI MUSIKA ESKOLAREN ESKAINTZA

2020-2021 ikasturtean, 1.100 bat ikaslek ikasi ahal izan dute orkestra bat osatzen duten hainbat instrumentu: biolina, biola, biolontxeloa, kontrabaxua, flauta, oboea, klarinetea, tronpa, tronpeta, tronboia, tuba, perkusioa edo saxofoia.

Halaber pianoa, gitarra, kantua edo euskal tradiziozko instrumentu ezagunenak, hala nola, txistua, soinua, alboka, panderoa, trikitixa. Musika klasikoaren planteamenduaz gain, jazz musika ere ikas daiteke.

Eskaintza instrumental hori guztia eskolako taldeen presentzia nabarmenak ere osatzen du: orkestrak, abesbatzak, taldeak, konboak, fanfarriak eta ganbera-musikaren hainbat talde. Gainera, musikoterapia ere irakasten da Andrés Isasi Musika Eskolan.

Getxoko Musika Eskolak euskara eta gaztelaniaren elkarbiziitzarako “Bizi” proiektuarekin bat egin du. Horrela, eskolak nagusiki euskaraz izaten dira, hizkuntza menperatzen ez duten ikasleei arreta pertsonalizatua eskainiz. Proiektua Musika eta Mugimendua eta Musika-hizkuntzako maila guztietara zabaldu da.