Egoitza elektronikoa funtsezkoa izan zen Leioako kudeaketan pandemiaren garaian

Ia 31.000 pertsona artatu ziren iaz Leioan

07.04.2021 | 10:56
Egoitza elektronikoa funtsezkoa izan zen Leioako kudeaketan pandemiaren garaian.

Leioako Udalean administrazio elektronikoa behin betiko martxan jartzea erabakigarria izan zen pandemia kudeatzeko orduan, joan den martxoan etxeko konfinamendua egin baino hilabete gutxi batzuk lehenago, eta une hartako beharrei aurre egiteko aukera eman zuen, erakundea geldiarazi gabe. Ia 31.000 pertsona artatu ziren iaz Leioan.

Aurreko urteetan lan egin ondoren, Leioako Udalak 2020ko urtarrilean bere Egoitza Elektronikoa eta Espediente Elektronikoen Kudeatzailea kaleratu zituen. Leioako tokiko administrazioak aldaketa handia jasan zuen eta horrela garai berrietara egokitu zen.

Tresna elektroniko berri horiei esker, herritarrek urtean 365 egunetan egin ahal izango dituzte udal-izapideak, ordutegien mugarik gabe eta etxetik. Baina, aldi berean, toki-administrazioari urrunetik funtzionatzen uzten diote. Horrek protagonismo handia hartu zuen Alarmaren Egoera lehertu zenean, 2020ko martxoan, zeinaren bidez etxeko konfinamendua dekretatu baitzen, COVID19 dela eta.

Lan-tresna berri horiei esker, Leioa gai izan zen pandemia azkar eta eraginkortasunez kudeatzeko, eta aurreko inguruabarretan egin ezin izan ziren administrazio-lanak egin zituen egunero; zerga-epeak berehala eten zituen, hipoteka-zorra luzatzeko ziurtagiri kolektiboak eman zituen, telelana ezarri zuen, premiazko laguntzak abian jarri zituen, eta horiek dira, besteak beste, berehala egin ziren zereginen adibideak, eguneroko ohiko izapideez gain.

Horri guztiari esker, leioaztarrek udal-zerbitzu aktiboei eutsi zieten pandemia osoan zehar, mugikortasunean eta konfinamenduetan aldaketak egon ziren arren.

Datuek berez hitz egiten dute. 2020an, 36.698 pertsonari eman zitzaien arreta Herritarrentzako Arreta-Zerbitzuan (kopuru horretan ez daude beste sail batzuetan egindakoak, hala nola Behargintzan, Gizarte Zerbitzuetan edo Kulturan), eta horietatik erdiak baino gehiago telefono bidezkoak eta telematikoak izan ziren (% 62,74). Horren ondorioz, joera aldatu egin da herritarrek Udalarekin harremanetan jartzeko duten moduan; izan ere, adibidez, Alarma Egoera baino lehen dokumentuen sarrera-erregistroak presentzialak ziren gehienbat (% 94,27), eta telematikoak, berriz,% 5,73. Iragan abenduan, ordea, Egoitza Elektronikoaren bidez egindako izapideen aukera %27,30era igo zen, eta presentzialak, aldiz, jaitsi egin ziren.

LeioaHurbil
Leioako Udala 2015ean hasi zen, toki-administrazioan egiteko, izateko eta egoteko modua aldatzea helburu duen eraldaketa integraleko proiektu batekin. Lan hau Leioa Zugandik Hurbil dokumentuan udal izapideak eta gestioak sinplifikatu eta identifikatzeko prozesuarekin hasi zen. Aldez aurreko ezinbesteko urratsa izan zen, Herritarrentzako Arreta Zerbitzu integrala eratzearekin batera, 2020. urtearen hasieran Egoitza Elektronikoa eta Espedienteen Kudeatzailea martxan jarri ahal izateko.

Leioa Hurbil bizirik mantentzen den eta etengabe eguneratzen den proiektua da, herritarrei zerbitzurik onena eskaintzeko. Helburu horrekin jarri dira martxan, berriki, aurrekontuak bistaratzeko gailua eta zergak Bizum bidez ordaintzeko proba pilotua, eta horrek Leioa bihurtu zuen Euskadiko lehen udalerria horrelako zerbitzu batekin.

Orain, trebetasun digitalei buruzko prestakuntza-programari hasiera emango zaio; besteak beste, informazio-pilulak argitaratuko dira Udaleko youtubeko kanalean, herritarrei izapide elektroniko batzuk labur eta erraz azaltzeko, lan egiteko modu berri horien abantailak ezagutarazteko eta Udalean zer egiten den erakusteko. Gainera, Leioako udal-langileak dira bideoen protagonistak, eta haiek funtsezko pieza dira Udaleko ezarpen digitalaren arrakastan.