GETXO. Getxoko Udalak 13 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua bideratuko du koronabirusaren pandemiak udalerrian epe labur eta ertainean eragingo dituen ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko. Asteazkenean, martxoak 24, 'Getxo Ekinez 2021' izeneko programa sinatu egin dute Getxoko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek.

Programak 80 ekintza biltzen ditu, eta, batez ere, arlo hauetan izango du eragina: Gizarte-Kohesioa, Ekonomia-Sustapena, Kultura, Kirola, Ogasuna eta Osasuna. Ia bikoiztu egin da aurrekontua (%90eko igoera, hasierakoaren aldean) ekintza horiei aurre egiteko.

Amaia Agirre Getxoko alkateak plan hori martxan jartzeko herriko alderdi politiko guztien artean lortutako akordioaren garrantzia azpimarratu du. "Datozen urteetarako dugun erronkarik garrantzitsuena da", azpimarratu du alkateak. "Getxo Ekinez Udalak bere eskumenen esparruan eta beste administrazio publiko batzuekin lankidetzan egin beharreko ekintzen programa da, herritarrekin, elkarteekin eta udalerriko sektore ekonomikoarekin batera pandemiak eta haren ondorioek eragiten dizkiguten zailtasunak gainditzeko".

2020ko martxoan alarma-egoera ezarri zenetik, Getxoko Udalak antolaketa-neurriak hartu ditu, zerbitzuak berrantolatzeko eta herritarrentzako laguntza berriak sortzeko. Hori guztia zerbitzu publikoak bermatzeko eta, aldi berean, osasun-krisiaren bilakaeraren ondorioz sortu diren aparteko beharrizan berriei erantzuteko. Aldi berezi, aurreikusi ezin eta ziurgabetasunez beteriko honetan, alkateak udal-talde politikoetako bozeramaileekin partekatu du udal-gobernuaren ekintza aldizka eta etengabe.

GETXO EKINEZ 2021

"Getxo Ekinez 2021" ekimenean jasotako jarduerak antzemandako larrialdiaren arabera egingo dira. Presazko 56 ekintza definitu dira (9.507.600 €) eta 24 epe ertain-luzera (3.592.400 €). Arloz arlo, Gizarte Kohesioaren Arloak 34 neurri garatuko ditu (6.492.000 €), Sustapen Ekonomikoak 27 (4.917.700 €), Kulturak 9 (1.038.800 €), Kirolak 3 (136.000 €), Ogasunak 5 (285.500 €) eta Osasunak 2 (230.000 €).

Oro har, dokumentuan proposatutako neurri guztiak Amaia Agirre alkatea buru duen udalbatzak ezarritako helburuak lortzeko behar den aurrekontuaz hornitzeko hartutako konpromisoaren babesean daude, bereziki, egoera sozial eta ekonomikoan dauden getxotarrentzako laguntzetan. Konpromisoa heltzen da aurkezten diren eskaera guztietara, baldin eta laguntza horiek jasotzeko behar diren baldintzak betetzen badituzte.