Ostegunetik aurrera

Getxoko Udalak mikropiloteak jarriko ditu Satistegiko hegalean

05.01.2021 | 16:17

GETXO. Getxoko Udalak Satistegi kaleko 3. eta 5. zenbakietako higiezinei eragiten dien eremuan mikropiloteak jartzeko lanak hasiko ditu datorren ostegunean, urtarrilaren 7an. Lan hauek Satistegi ingurua eta Los Chopos parkea mantentzeko eta urbanizatzeko obraren barruan egingo dira, eta 5. zenbakiko sarbidearen eta garajearen 5. atarian jarriko dira batik bat. Lanengatik ukitutako pertsonak 3. zenbakiko alderditik sartu ahal izango dira behin-behinean.

Beraz, adierazitako datatik (eguraldi baldintzek uzten badute) eta ziurrenera urtarrilaren 21era bitartean, garaje eta atari horietarako sarbidea egunero itxiko da, 08:00etatik 18:00etara. Egun horietan, eta aipatutako ordutegiaren barnean, obra-eremura ematen duten leiho eta balkoietako pertsianak jaitsita egon beharko dira uneoro. Bereziki eskatzen da etxe horietako bizilagunek aholku hori betetzea. Lan horiek egiteko, mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako aparkaleku-plaza Satistegi kalera eraman behar da, edukiontzien gunearen ondora.

Bestalde, Satistegi kaleko 7 eta 9 zenbakietan eta Calleja kaleko 24tik 40ra arteko zenbaki bikoitietan ere eragina izango dute lanek; izan ere, ibilgailuen trafikoa moztuta geratuko da urtarrilaren 11tik 22ra, 08:30etik 13:00etara eta 14:00etatik 18:00etara, eta oinezkoentzako pasabide bat jarriko da.

Era berean, ostegunetik, hilaren 7tik aurrera, hainbat lan hasiko dira egiten Los Chopos parkeko eremuan, eta, beraz, itxi egingo da erabilera publikorako. 2021eko urrian ireki ahal izango da berriro.

Getxoko Udalak seinaleekin adi egon daitezen eskatu die herritarrei.