GETXO. Getxoko Udalak herriko zuhaitzak berritzeko eta birjartzeko lanak hasi egin ditu dagoeneko. Lah horiek 2020aren amaieran edota 2021aren hasieran amaitu egingo dira.

109 ale ordeztuko dira (kalean lerrokatzeko 70 eta parkeetan kokatutako 39), gehienetan espezie bereko aleekin. Bestalde, udalerriko hainbat puntutan 13 arbola landatuko dira. Lanak herritarrentzako ezagunak diren aleei (platanoak, xarmak, astigarrak, akaziak, urkiak, gereziondoak, intxaurrondoak edota ezkiak) nahiz horren ezagunak ez direnei (lagunariak, gurbeak, ligustrumak, yedonensisak...) eragingo die.

Ordeztutako arbolez gain, Makaleta etorbideko obretan eta Manuel Gainza aparkalekuan udako hilabeteetan landatu ezin izan zirenak landatuko dira. Lehenengo kasuan 53 ale landatuko dira, eta bigarren kasuan 37.

Birjartzearen arrazoiak hainbat dira: denboraleak edo eguraldi txarrarekin lotutako faktoreak (bereziki haizearekin), segurtasunari eta iraganbideari eragiten dietenak zuhaitzak edo adarrak erortzeagatik; bide publikoko ezbeharrak (talkak edo trafiko istripuak); gaixotasunak; zahartasuna; usteltzea, ekintza bandalikoak... Ordezkapen gehienak denboraleek eta ekintza bandalikoek eragindakoak dira.

Hain zuzen, lorezaintza eta berdeguneei buruz iaz jasotako 277 abisu, kexa eta iradokizunetatik 186k (% 67) zuhaitzekin lotura zuzena zuten; hau da, hirutik bik. Horietatik 121 (% 65) iradokizunak izan ziren.

JARDUKETA ARRUNTAK

Zuhaitzen gaineko jarduketa arruntaren planak hainbat ekintza hartzen ditu kontuan: lerrokatzeko zuhaitzen txorkoetako (arbola baten enborraren inguruko espazioa, ureztapenetik nahiz euritik jasotako ura biltzeko) belar txarren kontrola eta garbiketa; berdeguneetan eta espaloiko txorkoetan hazitako zuhaitzetan (gazteegiak direlako edo esposizio handia dutelako hala behar dutenetan) zurkaitzak jartzea; sustraietako kimu basalak eta enborreko berezko kimuak garbitzea; izurriak eta gaixotasunak zaindu eta kontrolatzea, eta zuhaitz altuen egiturazko egonkortasuna eta beheko adarren inausketa, baldin eta eragozpenak eragiten badizkiete oinezkoei edo interferentziak eragiten badituzte trafiko seinaleekin, semaforoekin, argiekin, trafikoarekin...

Beste jarduketa batzuk honakoekin lotutakoak dira: mozketak (eragin berezia zehazten denean eta berreskuratu ezin denean, kendu egiten da), transplanteak (berdeguneak okupatzen direnean eta eragindako aleak daudenean, baldin eta bizirauteko nahikoa berme badute eta garapen eta hazkuntza baldintzek transplantatzea ahalbidetzen badute) eta landaketak zein lerrokatzeetan nahiz berdeguneetan dauden zuhaitzen nahiz ordezkapenak, aipatu bezala.