GETXO. Koronabirusaren pandemiaren krisialdiak eragin handia izan du kulturaren arloan, non kalte ekonomiko handiak eragin dituen. Hori dela eta, Getxoko Kultur Etxeak kultura sormenerako dirulaguntzen deialdi berri bat ireki egin du. Deialdi hau 18 urtetik gorako getxotarrei bideratuta dagoen arren, herritik kanpo bizi diren pertsonak parte hartu ahal izango dute baita ere, Getxorekin zerikusia duten proiektuak aurkezten badituzte.

Deialdi honi 120.000 euroko aurrekontua esleitu zaio, osasun-egoera dela eta bertan behera geratu diren aurtengo herriko jaien baliabide ekonomikoak erabiliz. Ekimen honen bitartez, udalak baliabide horiek Getxoko kultur sektorea sustatzeko konpromisoari erantzun dio. Horrela, herritarren kultura-sorkuntzaren aldeko apustua egiteaz gain, sektore artistikoari lagundu nahi dio udalak profesionalentzat bereziki zaila den une honetan.

Guztira, zortzi ataletan banatuko dira diru-laguntzak deialdi honetan: Sorkuntza eszenikoa (antzerkia eta dantza), ikus-entzunezko lanak (ikus-entzunezko proiektuak eta zinea), musika-konposizioak, literatura-lanak eta ilustrazioa (eleberria, ipuina, poesia, komikia, ilustrazioa), haur eta gazteentzako hezkuntzako proiektu kulturalak, obra bisualak eta plastikoak eta beste sorkuntza diziplina batzuk (aurreko atalen barru ez direnak).

Proiektuak aurkezteko epea azaroaren 30era arte egongo da zabalik. Hori amaitu ondoren, aditu-batzorde batek lanak aztertuko ditu eta, handik hiru hilabetera, gutxi gorabehera, hautatutako proiektuak jakinaraziko dira, baldin eta osasun-egoerak ahalbidetzen badu. Deialdiari buruzko informazio osoa esteka honetan eskura dago.

KULTURA PROGRAMAZIOA ETA FORMAKUNTZA

Deialdi hau hiru motatako diru-laguntza sorta baten barne dago. Gainerako biak laster abiaraziko ditu Kultur Etxeak, eta horien ardatzak programazio kulturalerako proposamenak eta formakuntza eta profesionalizazioa izango dira, hurrenez hurren.