GETXO. Koronabirusaren pandemiak eragindako krisialdiak hainbat eta hainbat ekitaldi eraldatu ditu. Batzuk bertan behera utzi behar izan dira, eta beste batzuk, ordea, atzeratu edota egoera berrira moldatu. Getxophoto-Nazioarteko Irudi Jaialdiaren hamalaugarren edizioa azkenetarikoa da. Osasun-krisialdiaren eragozpen guztiak gaindituta, hurrengo ostegunean, irailak 3, hasiera emango zaio azkenik. Aurtengo edizioak "Kalera!" leloa darama eta inoizko kale-programazio digital eta parte-hartzaileena izango du.

Irantzu Uriarte Kultura zinegotziak berriro azpimarratu du Getxophoto ezinbesteko hitzordua dela irudiaren munduarekin eta udalerrian Sustapen Ekonomikoa bultzatzen duen kultur ekintza bat dela. "Getxophotok", esan du Uriartek, "erakunde publikoen eta inguruko eragile sozialen arteko elkarlana ere irudikatzen du".

Jokin Aspuru Getxophotoko zuzendariak gogorarazi duenez, "osasun krisiak agintzen du eta gure planak egokitzera behartu gaitu. Hori dela eta, erakusketa ia guztiak aire zabalean egongo dira, eta programa oso bat diseinatu dugu, hainbat podcast, app eta proposamen digitalekin, sarean garatuko dena".

Aurtengo leloak, "Kalera!", espazio publikoa -fisikoa eta online- aldarrikatu nahi du elkartzeko eta elkar aitortzeko leku gisa; "protestarako agertoki eguneratu gisa eta esperimentazio-, jolas- eta ospakizun-eremu gisa", Jon Uriarteren arabera, Getxophotoko komisario gisa estreinatu dena.

Jaialdiaren inaugurazio ofizialaren ekitaldia, "Opening", ostiralean, irailak 4, 19:30ean izango da, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan. Jon Uriarte komisarioak, jaialdian parte hartu duten artistekin batera, aurkeztutako proposamenen errepaso bisuala egingo du.